Gaur hasi dira Iruñeako Baluarten ‘Herriek lidergoa hartu - Locals Take the Lead’ topaketak. Bertan, Europatik eta munduko beste toki batzuetatik etorritako 100 udal eta tokiko kargu aurrerakoi baino gehiago bildu dira, tokiko politiketatik herritarren bizitza nola hobetu eztabaidatzeko. Etxebizitzaren problematikari aurre egiteko politika publikoek eta gobernantza eredu berriek leku berezia izango dute topaketa honetan.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak ireki ditu topaketak. Asironek ultraeskuinaren aurrerapenak dakarren mehatxuaz ohartarazi du, eta jardunaldietan parte hartuko dutenei politika publiko aurrerakoietan sakontzeko eskatu die, mehatxu hori gelditzeko.
“Hori da topaketa honen balioa, gure tokiko esperientziak Europa osorako indar partekatu bihurtzea. Sareak sortzea gobernu aurrerakoien arteko lankidetza estutzeko. Eskuin muturraren aurrerapenaren aurrean alternatiba zehatzak eraikitzea”, esan du Asironek.
Iruñeko alkateak ohartarazi duenez, “ez da aski da erresistitzea, gobernatzeko beste modu bat dagoela erakutsi behar dugu. Eskubide gehiagorekin, berdintasun gehiagorekin, demokrazia gehiagorekin eta zerbitzu publiko gehiagorekin”.
“Nahi dugun Europa ere tokian tokikotik eraikitzen da”, esan du Asironek. Horrela, herritarrek etxebizitza eskuragarria izatea eta inor atzean uzten ez duten zerbitzu publikoak izatea lortzearen garrantzia azpimarratu du.