AKTUALITATEA

Nazioartea | 2026-10-22

Iruñea Europako udal hautetsi aurrerakoien topagune izango da ostiralean eta larunbatean, ‘Herriek lidergoa hartu - Locals Take the Lead’ izenburupean Baluarten egingo diren jardunaldietan. EH Bilduk, European Left Alliance-k (ELA) eta European Free Alliance-k (EFA) elkarlanean antolatutako ekimenak Europa osoko udalerrietako eta tokiko erakundeetako 100 ordezkari eta hautetsi baino gehiago bilduko ditu, esperientziak partekatzeko, elkarlanerako bideak jorratzeko eta tokiko gobernantza eraldatzeko proposamenak aztertzeko. Askotariko gaiak landuko badira ere, toki berezia izango dute jardunaldietan etxebizitzaren problematikak eta gobernantza ereduak.

Iruñeko alkate Joseba Asironek emango die hasiera topaketei. Itxieraren ardura, berriz, Alain Iriart Ipar Euskal Herriko Euskal Hirugune Elkargoko lehendakariaren eskutik izango da.

EH Bilduren ordezkariek gidatuko dituzte etxebizitzari, gobernantza aurrerakoiei eta komunitate seguruei buruzko mahai inguruak: Nerea Kortajarena Programa idazkariak eta legebiltzarkideak, Rocio Vitero Gasteizko Udaleko bozeramaileak eta Maria del Rio Bilboko Udaleko bozeramaileak.

EH Bilduko ordezkariekin batera, Europako eta nazioarteko alderdi politiko eta erakunde ugaritako udal ordezkari esanguratsuek hartuko dute parte Iruñeko topaketan: besteak beste, Sinn Féin, Plaid Cymru, Die Linke, Bloco de Esquerda, La France Insoumise, Moèemo!, Partia Razem, Levica, Vänsterpartiet, Democratic Socialists of America (DSA), Morena, South African Communist Party, Esquerra Republicana de Catalunya eta Podemos.

Halaber, Kopenhage, Helsinki, Varsovia, Krakovia, Lisboa, Bolonia, Turin, Amsterdam, Maastricht, Madril, Cardiff, Bartzelona, Dundee, Potsdam, Salzburgo, Zagreb, Tirana, Johannesburg eta New York bezalako hiri entzutetsuak ere ordezkatuta egongo dira Euskal Herriko hiri buruzagian, elkar entzuteko eta haien esperientziak partekatzeko.

Eskuina eta eskuin muturra indartzen ari diren eta Europako zein nazioarteko testuinguru politikoak ziurgabetasun handia erakusten duen honetan, indar aurrerakoien arteko zubiak eraikitzea eta sendotzea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Horren aurrean, jardunaldiek tokiko erakundeen zeregina aldarrikatuko dute, herritarren bizi-baldintzak hobetzeko, demokrazia sakontzeko eta komunitate sendoagoak, inklusiboagoak eta aurrerakoiagoak eraikitzeko tresna gisa.

Topaketen helburua da Europako hiri eta herrietan garatutako politika eta proiektu arrakastatsuak partekatzea, tokiko gobernantzaren arloan esperientzia desberdinetatik ikastea eta Europako alderdi aurrerakoietako zein tokiko erakundeetako ordezkarien artean sinergiak sortzea. Era berean, egungo Europako testuinguruak udalgintzari planteatzen dizkion erronka nagusiei buruz hausnartuko dute.

 

Gobernantza aurrerakoia

Eguneko panel nagusiak gobernantza aurrerakoia izango du hizpide, ezkerreko indarrek tokiko eta eskualdeko mailan koalizioak nola eraikitzen dituzten eta boterea nola kudeatzen duten aztertzeko. Eztabaidan parte hartuko dute Rocio Viterok, EH Bilduko Gasteizko zinegotzi eta bozeramaileak; Aleksandra Owca-k, Partia Razem alderdiko kide eta Krakoviako zinegotziak; Elisenda Alamany-k, ERCko idazkari nagusi eta Bartzelonako udal-ordezkariak; eta Alexa Aviles-ek, New Yorkeko Udaleko 38. barrutiko DSAko zinegotziak.

Azpimarragarria da, halaber, estaturik gabeko nazioetan autodeterminazioa udal mailan indartzeko zer egin daitekeen aztertuko dutela. Onintze Oleaga EH Bilduren udal-politikaren arduradunarekin batera mahainguruan parte hartuko dute Irlanda, Eskozia eta Galesko ordezkariek, besteak beste.

Europako migrazioa eta aniztasuna, eta udalerrietan komunitate seguruak eraikitzeko estrategiak ere landuko dira ostiralean.

 

Tokiko politikak etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko

Etxebizitzaren problematika izango da larunbatean landuko den gai nagusia. Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak belaunaldi honen erronka nagusietako bat direla kontuan hartuta, tokiko politikek arazo horri aurre egiteko dituzten tresnak eta aukerak aztertuko dituzte parte-hartzaileek.

Eztabaidan izango dira Nerea Kortajarena, legebiltzarkidea eta EH Bilduko programa-idazkaria; Iker Elizalde, EH Baiko Pirinio Atlantikoetako Departamenduko kontseilaria; Lucia Muñoz, Podemoseko Palma de Mallorcako zinegotzia; Alice Revinale, Torinoko udal-ordezkaria eta Sinistra Italianako idazkaria; eta Leo Küberger, KPÖko Grazeko Udaleko zinegotzia.

Zaintza politikak, hizkuntza gutxituak, elikadura subiranotasuna, trantsizio ekologikoa edota hezkuntza gaiak ere lekua izango dute larunbateko jardunaldietan.

‘Herriek lidergoa hartu - Locals Take the Lead’ jardunaldiek agerian utzi nahi dute tokiko erakundeek funtsezko zeregina dutela gizarte bidezkoagoak eta demokratikoagoak eraikitzeko. Europako hainbat udalerritan garatutako esperientziak partekatuz, helburua da herritarren parte-hartzea indartzeko, zerbitzu publikoak hobetzeko eta tokiko komunitateen beharrei erantzuteko politika eraginkorrak sustatzea.