AKTUALITATEA

| 2026-11-26

EH Bilduk Barakaldon egin du gaurko ekitaldi politiko nagusia, eta bertan hitza hartu dute Arnaldo Otegi idazkari nagusiak, Oskar Matute Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak eta Idurre Bideguren Senaturako Bizkaiko zerrendaburuak.

Arnaldo Otegik mobilizazio orokor herritar masibo bat eskatu du iganderako, azken hilabeteotan Euskal Herrian gutxieneko soldata propioaren alde, pentsio duinen alde, etxebizitza eskubidearen alde eta, atzo bertan, indarkeria matxistaren kontra burutu diren mobilizazio erraldoiei segida emango dien mobilizazio orokorra, alegia, hauteskunde hauetan ezkerra eta itxaropena irabazle atera daitezen.

Igandean, gogorarazi du, hautatu behar da eredu autoritarioaren eta termino sozial eta nazionaletan aurrerapausoak ematen jarraitzea ahalbidetuko duen eredu baten artean, eta, gauzak horrela, EH Bilduko idazkari nagusiak dei egin du "hilaren 29an mobilizazio orokor masibo baterako deia” egin du, mobilizazio orokorra, herritarra, euskalduna, abertzalea, subiranista, ezkerrekoa eta feminista, herri hau gorrien, separatisten eta antifaxisten herria dela jakin dezaten”. Mobilizazio orokorra helburu bikoitza izango duena, azaldu duenez. Batetik, Vox eserlekurik gabe uztea eta Feivoxek ordezkaritza ñimiñoa ateratzea”; bestetik, horretarako ezinbesteko baldintza dena, ezker suberanista indartsu bat egotea”.

Alde horretatik, boto eraginkorra EH Bildu dela azpimarratu du Otegik, eta botoak ezker subiranistan biltzea eskatu du horregatik. “EH Bildu bozkatzea tokatzen da, bloke faxista geldiarazteko diputatuak eta senatariak batu ditzakeen bakarra EH Bildu delako”.

Horrez gain, ezkerrak munduan zehar martxan duen birfundazio prozesuarekin EH Bilduk bat egiten duela erantsi du, ezker subiranistak “bat egiten baitu ideia aurreratuekin, aurrerapen eta justizia sozialarekin”, EH Bildu baita “herri gisa ideia horiekin lotzen gaituen haria”, birfundazio horren ardatzetan ere oinarritzen dena. “Ekonomiaren deskarbonizazioa, aberastasunaren banaketa erradikala, genero-berdintasuna eta genero-rolak behin betiko gainditzea, bakea, autodeterminazioa eta herrien burujabetza. Ardatz horien gainean eraiki daiteke alternatiba, eta horixe egiten ari gara, sendotasunez hazten ari den eta printzipioak, balioak eta etorkizuna ereiten ari den proiektu sendoa ".

Otegik bezala, Oskar Matutek ere botoak EH Bildun kontzentratzea eskatu du, boto guztiek balio duten eta erabakitzen duten arren, badaudelako “gehitzen duten botoak, gehiengoak osatu eta norabidetzen dituztenak. Horiek dira botorik eraginkorrenak, ilusionatzen dutenak eta gehiengoak baldintzatu ditzaketenak, eta igande honetan boto horiek euskal ezker subiranistaren aldeko botoak izango dira. Siglak gainditzen dituen botoa, jendeari boterea ematen dion botoa. Herri baten botoa. Euskal pentsiodunen duintasuna Madrilera eramateko balio izan duen botoa, pentsio hobeak bermatzeko, eta gehiengo aurrerakoia horiek are gehiago hobetzera bultzatzeko giltzarri izango dena. Zintzotasunaren eta esperantzaren botoa”.

Ildo horretan, PP eta Vox bereizi ezinak direla ohartarazi ostean, “biek diskurtso eta balio berdinak dituztelako eta gorroto bera hedatzen dutelako”, Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua zer bozkatu oraindik erabaki ez dutenei zuzendu zaie. Haiei guztiei eskatu die botoa, “EH Bilduri botoa ematea tresnarik eraginkorrena delako pentsioak, enpleguak eta pertsonen duintasuna defendatzeko. Bozkatu EH Bildu, ez atxikimendu soilagatik, baizik eta eraginkortasunagatik, EH Bilduren botoa eraginkortasunaren bermea baita, eraginkortasun elektorala eta eraginkortasun legegilea, hauteskunde hauetatik ateratzen den gehiengoak jendearen aldeko legeak egin ditzan, eta ez merkatuen aldekoak”.

Baikor agertu da Idurre Bideguren ere, EH Bildu historia egiteko moduan dagoela sinetsita. “Bizkaian Senaturako eserlekuak eskuratzeko aukera dugu historian lehen aldiz. Senatuko papeletan 3 X markatzeko deia egiten dugu, ezker subiranistaren alde, Goi Ganberan gehiengo plurinazional, aurrerakoi eta antifaxista bat irmotasunez osatzen laguntzeko. Egin dezagun historia Bizkaian ere, herri honen eta bertako herritarren eskubide nazionalen aldeko senatariak batuz”.