AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-05

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur arratsaldean, Getxoko Telletxe plazan. Bertan hitza hartu dute Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduren lehendakarigaiak, Arnaldo Otegi Koordinatzaile Nagusiak eta Edurne Benito del Valle Bizkaiko hautagaiak.

Pello Otxandianok errejenerazio politikoaren beharra nabarmendu du, «horretarako ulertu behar da zer esan nahi duen errejenerazioak. Hondatuta edo narriatuta dagoena birsortzea esan nahi du». Otxandiano salatu du «erabaki politikoek» zerbitzu publikoen gainbehera ekarri dutela, «eta Osakidetza da gainbehera horren adibiderik garbiena». «Baina ezin dugu onartu jateko gauzekin jolastea, eta are gutxiago bizitzeko beharrezkoak ditugun gauzekin. Gure herritarren osasunarekin ezin da jokatu, ez etxebizitza eskubidearekin, ez gure adinekoen zaintzarekin, ez emakumeen eskubideekin... horrekin guztiarekin ezin da jolastu», adierazi du. 
 


«Herritarrak lehentasunez defendatuko dituen gobernu zintzo bat merezi dugu, eta gure zerbitzu publikoez berriro harro egoteko konpromisoa hartzen dut», esan du Otxandianok jendaurrean, etorkizunarekin itxaropentsu agertuz. Ekitaldi amaieran, hain zuen, esker hitzak izan ditu bertaratutako guztientzat eta aldaketa posible dela adierazi du; «izan ere, gaur hemen, eta orain, aukera bat dugu. Aukera hori benetakoa da, gizarteak ikusi egiten du: gaur eta hemen, esan dezakegu beharrezkoa den aldaketa politikoa posible dela. Posible da, eta orain da. Eta beti bezala egingo dugu, elkarrekin, bultzada berri bat eskainiz. Gero eta handiagoa den aldaketaren olatuarekin konpromisoak hartuz». 

Arnaldo Otegik bere aldetik, balioan jarri du, «EH Bildun gauzak ikusteko, ulertzeko beste modu bat» dagoela. Nazio arazoari irtenbide demokratiko bat emateko bidean Euskal Herria osoan pausoak ematen ari direla adierazi du, Pepe Mujikaren hitzak gogora ekarriz: «poliki goaz urrutira goazelako. Eta badakigu nora iritsi nahi dugun, eta iristen ari gara. Izan ere, lagunok, gaur, hemen eta orain, ezkerreko subiranismoaren garaia da. Ez dugu besaulkiak okupatzeko iritsi nahi, baizik eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren premia indibidual eta kolektiboak babestu, defendatu eta bermatuko dituen Gobernu zintzo bat eskaintzeko». Bukatu aurretik momentu politikoaren eta hauteskundeen garrantzian egin du azpimarra koordinatzaile nagusiak, «hauteskunde hauek irabazteko moduan gaude, eta guztion artean lortu dugu horretarako beharrezkoak diren baldintza politiko eta sozialak sortzea. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa merezi duten lekura eramateko anbizioa eta ilusioa egotea irabaztea da dagoeneko».
 


Gazteen ahotsa eta EH Bilduko belaunaldi berriena ordezkatuz, Edurne Benito del Valle Bizkaiko hautagaiak esan duenez, «gazteok ondo dakigu harresirik egon gabe ere, mota askotako banaketak badirautela. Etxebizitzaren gaiari eta gazteon emantzipatzeko arazoei begiratu bestela». EH Bilduren bokazioa «harresi ikusezin horiek denak eraistea da, herritarrak erdigunean kokatzeko», baieztatu du.