AKTUALITATEA

Ekonomia | 2025-05-26

Pello Otxandiano Legebiltzarreko EH Bilduren burua Euskadi Irratian elkarrizketatu dute, gaur goizean. Euskaraldiaren biharamunean eta euskara Europako Parlamentuko hizkuntz ofizialen zerrendan sartzeko eztabaidaren bezperetan, Otxandianok balioan jarri ditu ekimen biak. «Europa mailako ofizialtasuna iristen bada euskararentzat, inportantea izango da, maila sinbolikoan eta ikusteke dago maila juridikoan duen eragina. Lagungarri izango da, aldeko haize inportante bat, baina hankak lurrean, momentu honetan euskarak behar duen jauziaren oinarrizko zutabea bestelakoa delako», adierazi du, hizkuntza politiketan jauzi ausartak aldarrikatuz. 

Migrazio politiken eztabaidaren harira, Otxandianoren esanetan, «ezin daitezke polemikak sortu migrazioa bezalako gai sensible eta estrategikoetan. Eztabaidak plaza publikoan bukatu du, oso modu aldrebesean. Eraman dezagun gaia parlamentura, dagokion lekuan eta moduetan».

Legegintzaldiak urtebeteko tartea bete duela ikusita, Otxandiano balorazioa egin du: «esango nuke gobernu honek osoko zuzenketa bat egin duela aspektu askotan Urkulluren gobernuarekiko. Urtebetean diskurtsoa aldatu da bai, baina oso urrun gaude herri honek eskatzen duen erreakziotik». Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrean aurki burutuko den eztabaida monografikoaren harira, bertako egoera soziekonomikoa aztertzeko xedearekin, Bozeramailarek esan duenez, «ziurgabetasuna inherentea den momentu honetan, sektore publikoak posizio fuerte bat izan behar du industria politikan. Hori aldarrikatzen dugu. Sektore publikoak industria politikan parte aktiboa izan behar du eta transformazioaren lidergoa hartu. Azter dezagun zein den behar dugun industria politika, parlamentuko pleno monografikoa baliatuz».