EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur eguerdian, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Bertan hitza hartu dute Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako bozeramaileak.
Pello Otxandiano: «Posible da aldaketa, posible da esperantza eta posible egingo dugu EH Bilduk historian izan dituen emaitza elektoral hoberenak lortuko ditu»
«Inertzia hautsi eta norabidea finkatu behar da. Aldaketa badator eta ezkerreko independentismoa lidergo papera betetzera deitua dago garai berri honetan. Hau ez da jendarteari beldurra transmititzeko momentua, nahikoa ziurgabetasun dago jada. Jendeak beldurra dio zerbitzu publikoen galerari, alokairua ordaindu ezin izateari, bizitzaren garestitzeari, klima larrialdiari, indarkeria matxistari, gerrari… nahikoa ezegonkortasun dago jada. Esperantzari bidea emateko gaude gu hemen eta hori egiten da elkarlanaren bidez, herri ikuspegia jarriz erdigunean, komunitateak ematen digun konfiantzarekin, konpromisoarekin eta irribarre handi batekin. Posible da aldaketa, posible da esperantza eta posible egingo dugu EH Bilduk historian izan dituen emaitza elektoral hoberenak lortuko ditu. Aukera zabalik dago. Orain ez bada, noiz? Ilusio berri bat ari da zabaltzen».
Arnaldo Otegi: «Euskal Herrian gehitzen eta hauteskundeak irabaz ditzakeen ezkerra EH Bildu da»
«Espetxetik irten nintzenean, Belodromoan egin nuen hitz-hartzea gogora ekarri dute. Enplazamendu bat egin nion orduan Espainiako ezker konfederalari, eta guk orduan esandakoa bete dugu. Ez dizuet eskatzen EH Bildukoak egitea, eskatzen dizuedana da apirilaren 21ean aldaketaren alde egitea. Izan ere, lagunak, Euskal Herrian gehitzen eta hauteskundeak irabaz ditzakeen ezkerra EH Bildu da. Ez despistatu. Irabazi dezakeen indarrari botoa ematea lehentasuna da. Galizian gertatutakoa errepikatzea ez dugu nahi».