AKTUALITATEA

| 2021-06-09

Maddalen Iriartek eta Rebeka Uberak gaur iragarri dutenez, EH Bilduk 72 zuzenketa aurkeztuko ditu EAJ eta PSEren Pandemiaren aurkako Lege Proiektuaren gabeziak eta hutsuneak betetzeko. Koalizioak bi helburu ditu nagusiki: bata, Legebiltzarrak onartuko duen legean pandemiak kaltetutako sektoreak babesteko neurriak txertatzea; bestea, osasun sistema indartzea eta egituratzea edozein osasun larrialdiren aurrean ahalik eta hobekien erantzun dezan.

Iriarteren esanetan, “batetik, osasun sistema publikoa indartu eta ondo antolatu eta egituratu nahi dugu balizko osasun larrialdiei eta pandemiei aurrea hartzeko eta erantzun azkar eta egokia emateko moduan egongo garela bermatzeko; bestetik, pertsona bere osotasunean hartzea planteatzen dugu. Gure iritziz, osasun larrialdi bat ezin da ikuspegi biologiko huts batetik soilik kudeatu; pertsona bere osotasunean kontuan hartu behar da ezinbestean, bere eskubideak, bere egoera ekonomikoa, bere egoera soziala…bere segurtasun bitala. Gure kideen zaintza eta babesa bermatzeko neurriak aktibatzea ezinbesteko bilakatzen da”.

Hortaz, azaldu du bozeramaileak, “gizarte zerbitzuen arloko zuzenketa sorta proposatu dugu, esaterako, erresidentzietan gertatutakoa berriro gerta ez dadin, eta legearen kapitulu oso bat dedikatzen dugu babes neurriak zehaztera, funtsezkoa iruditzen zaigulako legeak herritarren segurtasun bitala bermatzea”. Izan ere, “pandemia honetan ikusi dugun bezala, osasun larrialdiari aurre egiteko hartu behar izan diren neurri batzuek kalte handia egin diete sektore batzuei. Autonomoak, erregulazio espedienteetan sartu diren langileak, mikro-enpresak, enpresa txiki eta ertainak… sektore horiei guztiei babesa eman behar die legeak, gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko”. Horretarako, EH Bilduk Diru-Sarrerak Bermatzeko Legea baliatzea proposatzen du, lege horretan zenbait moldaketa eginez sektore horien guztien beharrizanak behar bezala asetzeko.

Iriartek osasun larrialdi eta pandemiei aurre egiteko lege baten, aterki legal baten beharra dagoela esan du, baina EAJk eta PSEk proposatu dutena eskasa eta juridikoki ahula iruditzen zaio, “tramitazioan Legebiltzarretik pasa diren adituek ohartarazi dutenez”. EH Bilduko bozeramailearen aburuz, Gobernuko alderdiek “alarma egoeran eta alarma egoerarako pentsatutako lege bat planteatu dute, baina, behin alarma amaituta, indargabeturik geratu da ‘de facto’ neurri handi batean. Begirada estu eta epe motzeko horren ondorioz, ez dute inolako neurririk planteatzen ez pandemiak eragindako kalte ekonomikoak eta sozialak leuntzeko, ez ongizate eta osasun arloko zerbitzu publikoak indartzeko”. Alta, EAJ eta PSEren lege proposamenak “ikuspegi punitiboa soberan du”, erantsi du Iriartek. “Artikulatuan Zigorren Atalak duen pisua desproportzionatua da, legearen %20 hartzen baitu. Guk, aldiz, atal hori argaltzea proposatzen dugu, eta isunen formula erabili beharrean, lan komunitarioen formula hobesten dugu”.

LABI politikoaren desagerpena

EH Bilduren zuzenketen artean, besteak beste, LABI teknikoa indartzea eta guztiz independentea izatea proposatzen da, eta, horrekin batera, LABI politikoaren desagerpena. Rebeka Uberak azaldu duenez, “Osasun Publikoko zaintza eta jarraipen epidemiologiako ekipoko kideen artean gaixotasun infekzioso berrien eta pandemiaren zuzendaria izendatuko litzateke eta berak zuzendu eta koordinatuko luke LABI teknikoa, ez duelako zentzurik organo horretako zuzendaria kargu politiko bat izatea”.

Zentzu horretan, Uberak LABIk izango lukeen izaera independentea azpimarratu du. “Alor anitzetako teknikari eta adituek osatuko lukete, bere erabakiak publikoak izango lirateke eta Jaurlaritzari egokituko litzaioke horiek aplikatzea”.