EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur arratsaldean, Gasteizko Plaza Berrian. Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak hartu dute hitza. Otxandianok, mezu bat izan du EH Bildu inoiz bozkatu ez duten pertsonentzat, «zure botoak, hemen eta orain, aldea egiteko boterea du, zurea etorkizun hobe baten aldeko botoa da eta zure botoa aldaketa bultzatzeko aukera bat da. Egiazkoa da eta posible da. Egin ezazu posible». Araban lehia handia dagoelaz jabetuta, baikor agertu da oso EH Bilduk bertan izango dituen emaitzekin: «Badakizue zer? Ezkerreko independentismoa lehen indarra izango dela igandean Araban! Eta hori da hamarkadetan zehar herri honetan egin duzuen lanari esker da, herrigintza lanari esker. Gure eguna iristen ari da!», bukatu du.
Zuri, orain arte @ehbildu bozkatu ez eta igande honetan lehen aldiz egingo duzun horri. pic.twitter.com/SpGDXoz9nd
— Pello Otxandiano Kanpo (@PelloOtxandiano) April 18, 2024
Arnaldo Otegik adierazi duenez, «hauteskunde hauetan jokoan dago iragana irudikatzen duen tandemak Espainiako eskuinari euskal politika baldintzatzeko eta behar dugun etorkizuna baldintzatzeko boterea ematea edo ez. Abertzale sentitzen diren pertsonen bakardadea nabarmena da, eta are gehiago batzuen proiektu politikoa kosta ahala kosta besaulki eta prebenda alderdikoiak mantentzera laburbiltzen denean».
Zentzu horretan, gainontzeko alderdiei zuzendu zaie eskatzeko haien aliantza eredua zein izango den argitzea. «Batzuek oraindik ez dute esan zer egingo duten haien botoekin. Guk argi adierazi dugu norekin egin nahi ditugun herri akordioak eta zein den guretzat herriaren mandatua: soberanista eta ezkerreko. Esan dezatela norekin eta zertarako». Bestalde, Beotibarren zabaldutako mezua errepikatu du koordinatzaile nagusiak, «hemen, batzen duen eta ahal duen ezker bakarra EH Bildu da. Ezkerreko politikak sustatu nahi dituen jendeari aldaketaren alde egiteko esaten diogu. Eta sektore abertzaleei, gure anbizio nazional osoa bultzatzeko batuketa-proiektu bat eratzen laguntzeko». Bukatzeko, erronka bat luzatu nahi izan dio euskal gizarteari eta bereziki, ezkerrako eta independentistak diren pertsonei, «baietz hauteskunde hauetan, EH Bilduk, Euskal Herri mailan 400.000 bozka lortu!».
Hemen zerbait loratzen ari da 🌸 #AldaketaDaOrain pic.twitter.com/en24dhL57B
— EH Bildu (@ehbildu) April 18, 2024