EH Bilduk azaroaren 29ko hauteskundeei begirako hauteskunde-kanpaina aurkeztu du gaur. ‘Posible Egin’ lelopean garatuko den kanpainak herritarren mobilizazioa, antolakuntza eta kale-lana izango ditu ardatz. Horren harira, Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikorako idazkariak iragarri du azaroaren 14an Bilbon egingo dutela hauteskunde-kanpaina batean herri honetan inoiz egin den ekitaldi politikorik handiena.
Rodriguezek nabarmendu du EH Bilduk ez dituela hedabide handiak edo elite ekonomiko eta finantzarioak bere alde izango, baina baduela horien gainetik dagoen indar bat: herritarrak. “Guk ez ditugu hedabide handiak alde, eta ez ditugu izango. Ezta elite ekonomiko eta finantzarioak ere. Baina askoz garrantzitsuagoa den zerbait daukagu. Munduko diru guztiarekin ere erosi ezin den zerbait. Herria, jendea”.
Ildo horretan, kaleak hartzeko eta herritarrak mobilizatzeko deia egin du: “Kaleak hartuko ditugu. Hamarnaka mila pertsona mobilizatu eta antolatuko ditugu. Kalean ez dagoelako algoritmorik. Elkartzen den jendea dago. Elkar entzuten duena. Elkar ezagutzen duena. Eta elkarrekin jardutea erabakitzen duena”.
Hala, azaroaren 14an hamarnaka mila pertsona biltzeko helburua azaldu du Rodriguezek: “Hamarnaka mila pertsona elkartuko ditugu azaroaren 14an Bloke erreakzionarioa gelditzeko eta Euskal Herriari bidea irekitzeko”.
Ekintza Politikorako idazkariak gogora ekarri du duela 90 urte Agirreren eta Monzonen belaunaldiak Burdin Hesia eraiki zuela herria defendatzeko, eta gaur egun euskal gizarteari beste gerriko bat osatzeko deia egin dio: “Gaur, borondatez, itxaropenez eta konpromisoz osatutako gerrikoa altxatzera deitzen dugu euskal gizartea. Gure eskubideak, gure hizkuntza eta gure herriaren etorkizuna defendatzeko. Baina, batez ere, badatorren Euskal Herriari bidea ireki eta posible egiteko”.
Rodriguezek azpimarratu du EH Bilduk ez duela ohiko hauteskunde-kanpaina egingo, mugimendu politiko gisa herritarrak izango dituelako protagonista. “Herri-kanpaina egingo dugu. Jendea protagonista izango duen kanpaina”, adierazi du. Era berean, herritarren eguneroko kezkei helduko dien kanpaina izango dela azaldu du, besteak beste, etxebizitza, bizitzaren garestitzea, soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak hizpide hartuta.
Brasilgo hauteskundeetan Lularen garaipenak utzitako bi ikasgaiak aipatu ditu Rodriguezek: “Lehena, posible dela bloke erreakzionarioari irabaztea. Bigarrena, horretarako funtsezkoak direla kalea, mobilizazioa eta herritarren antolakuntza”.
Idurre Bideguren: “EH Bildu bermea da”
Bestalde, Idurre Bideguren Senaturako Bizkaiko zerrendaburuak azpimarratu du EH Bildu dela Euskal Herria Madrilen ordezkatzeko aukera sinesgarri eta zintzoa, eta gehiengo aurrerakoiak osatzeko duen garrantzia nabarmendu du.
“EH Bildu indartsu bat gehiengo aurrerakoi bat osatzeko bermea da Madrilen. Euskal Herria Madrilen ordezkatzeko aukera sinesgarri eta zintzoa gara”, adierazi du Bidegurenek.
Senaturako hautagaiak azaldu du ilusioan, emozioan, itxaropenean eta zintzotasunean oinarritutako kanpaina egingo dutela: “Ilusioaren, emozioaren, irribarrearen, esperantzaren eta zintzotasunaren kanpaina egitera goaz. Eta bloke erreakzioarioari partida irabaziko diogu”.
Bidegurenek herritarrei konfiantzazko mezua helarazi nahi izan die, EH Bilduren jarduna azken urteotan Madrilen egindako lanarekin lotuz. “EH Bildu bermea da: esaten duguna egiten dugulako eta egiten duguna esaten dugulako”, adierazi du.
Ildo horretan, honako hau gaineratu du: “Bermea gara, gure esku dagoen bitartean eskuin muturrak ez duelako bere helburu maltzur bakar bat ere lortuko”.
Era berean, EH Bildu indartsu baten beharra azpimarratu du gehiengo aurrerakoiak osatzeko eta politika publikoetan eragiteko: “Are gehiago, bermea gara politika aurrerakoiak, anbiziotsuak eta ausartak egiteko. Politika eredugarria praktikatzen dugulako”.
Amaitzeko, Bidegurenek EH Bilduren jarduteko modua aldarrikatu du, eta herritarrei hitza eman die: “EH Bilduk ez du zaratarik ateratzen, ez du ustelkeria kasurik eta ez du politika kobentzionalaren zurrunbiloan galtzeko inolako asmorik. Hitzekoak gara, eta gaur, beste behin, hitza ematen dizuegu”.