AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-11-07
Maizek defendatu du «Hego Euskal Herrian bloke atzerakoia gelditzeko unea iritsi dela», eta azpimarratu du emakumeen botoa erabakigarria izango dela hurrengo hauteskunde hitzorduan. «Datorren azaroaren 29an gure botoa ezinbestekoa eta funtsezkoa izango da. Larritasunaren jabe gara Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako emakumeak eta momentu historiko honek eskatzen duen mailan egongo gara», adierazi du.
 
Indar atzerakoiak boterera iristeak emakumeen eskubide eta askatasunetan izango lituzkeen ondorioez ohartarazi du EH Bilduren hautagaiak. «Soberan dakigu zein den bloke erreakzionarioaren agenda eta zer suposatuko duen emakumeontzat. Hori badakigu PPk eta Voxek inork baino hobeto azaldu dutelako», adierazi du.
 
Horren harira, eskubideak murrizteko, emakumeen bizitza kontrolatzeko edota euren gorputzen gaineko erabakiak hartzeko gaitasuna mugatzeko edozein saiakerari aurre egiteko deia egin du. «Eskubideak murrizteko eta gure bizitzak eta gorputzak kontrolatzeko mehatxuen aurrean, herrialde honetako emakumeok argi utzi behar diegu ez direla pasako, azken hamarkadetan milaka emakumeren borrokari esker irabazi ditugun eskubideetan atzera egitea ez dugula onartuko», azpimarratu du.
 
Halaber, feminismoak berdintasunean aurrera egiteko tresna kolektibo gisa duen rola aldarrikatu du Maizek: «Feminismoak erakutsi digu batuta gehiago eta hobeto egiten dela aurrera». Hori dela eta, azaroaren 29ko hauteskundeak emakumeen etorkizunerako ezinbestekoak direla azpimarratu du: «EH Bilduko emakumeok oso argi dugu hauteskunde hauetan zer dagoen jokoan: zibilizazioa edo basakeria, aurrera edo atzera egitea».
 
Azkenik, Hego Euskal Herriko emakumeak gonbidatu ditu hauteskunde deialdi honen garrantziaz jabetu eta horren arabera jokatzera. «Pertsona guztiek duintasunez bizitzeko eskubideen alde egiten duen bandoan gaude, eraldaketa sozialean aurrera egiten jarraitu nahi duen bandoan. Gure botoak, emakumeen botoak, balantza dekantatu dezake. Emakumeen borroka ezinbestekoa eta funtsezkoa da bloke atzerakoia geldiarazteko, ez direla pasako esateko», amaitu du.