Gaur Gernikan egin den Agirre lehendakariaren eta lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena oroitzeko ekitaldian parte hartu du EH Bilduk. Ezker subiranistaren ordezkaritza zabala izan da bertan, besteak beste, Arnaldo Otegi idazkari nagusia, Pello Otxandiano, Nerea Kortajarena, Joseba Asiron, Mertxe Aizpurua eta Idurre Bideguren.
Ekitaldia hasi aurretik, Arnaldo Otegik Agirre lehendakariaren figura eta haren gobernuaren ekarpena nabarmendu ditu. Otegiren hitzetan, “Agirreren gobernua herri honen gobernua izan zen”, eta azpimarratu du “ezohiko egoera batean kontzentrazio nazionaleko proiektu eta gobernua” osatu zuela; hori dela, hain zuzen ere, “Agirreren legatua”.
EH Bilduko idazkari nagusiak adierazi du gaurko ekitaldiaren helburua dela “herri honen historia gogoratzea eta ezohiko egoeretan herri honek egin zuena aldarrikatzea”. Horregatik, omenaldia ez diotela soilik Agirreri egin nahi izan azaldu du, “historiak eskatzen zuen mailan egoten jakin zuen belaunaldi oso bati baizik”. Era berean, gaur egungo erronkei begira, elkarlanaren eta herri ikuspegiaren garrantzia azpimarratu du.
Egoera sozial eta ekonomikoari buruz ere mintzatu da Otegi. Haren esanetan, “sistema demokratikoak arriskuan jartzen dituztenak herritarren beharrak asetzen ez dituztenak dira”. Testuinguru horretan, EH Bilduk azken urteotan herritarren eskubideen alde egindako lana nabarmendu du, bereziki etxebizitzaren auzian, mugimendu feministaren aldarrikapenetan eta Palestinarekiko elkartasunean.
Etxebizitzaren inguruan, Kongresuan eztabaidagai izango diren bi dekretuei buruz galdetuta, Otegik adierazi du neurriak positibotzat jotzen dituela, nahiz eta EH Bilduren ustez ez diren nahikoak etxebizitzaren arazoari behar bezala erantzuteko. Hala ere, argi utzi du zein den koalizioaren kokapena: “Alde batean daude herritarrak, eta bestean putre-funtsak eta etxebizitza-jabe handiak. Guk argi daukagu non kokatzen garen”.
Ildo horretan, Agirreren ondare politikoarekin lotuz, Otegik ondorioztatu du: “Agirre lehendakariak bi dekretuen alde bozkatuko luke”.