AKTUALITATEA

| 2019-11-07

Arnaldo Otegik zenbaki zehatzak jarri dizkio gaur arratsaldean Errenterian EH Bilduk, Katalunia eta Galiziako indar subiranistekin batera, datorren igandean aurrean duen erronkari. Bere hitzetan, “subiranismoak, bat eginda, 2 milioi botoera iritsi eta 30 diputatu inguru lortu behar ditu, faxismoa subiranismotik garaituko dugulako”.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko subiranistek Llotja de Marren sinatutako akordioa ekarri du gogora, bai eta “garrantzi politiko handiko manifestua” dela azpimarratu ere, bertan “gutxieneko programa bat izenpetu genuelako, Erorien Haranetik atera berri dutenak ondo lotua utzi zuen oinordekotza politikoarekin hausten duena, hain zuzen”.

Hori dela eta, azaldu du, “gure botoak ez dira sigla jakin batentzat, EH Bildurena subiranismoari bere osotasunean ematen zaion botoa da”, Llotja de Marren sinatutako gutxieneko programari. Esan duenez, “autodeterminaziorik gabe, presoak aske utzi gabe, politika ekonomiko antioligarkikorik gabe ez da haustura demokratikorik egongo 78ko erregimenarekin; horregatik, gehiago eta indartsuagoak izan behar dugu, horixe da erronka”.

Mertxe Aizpurua: “Inboluzio antidemokratikoari aurre egiteko euskal botoa”

Arnaldo Otegik ez ezik, Mertxe Aizpurua Gipuzkoako zerrendaburuak ere parte hartu du Errenteriako ekitaldian eta EH Bilduren botoaren balioa aldarrikatu du bertan, “inboluzio demokratikoari eta demokraziaren aurkako erasoei aurre egiteko euskal botoa delako”. Adierazi duenez, “EH Bildu Madrilen gure herriaren interesak defendatuko diren bermea da, Estatutik datozen inboluzio haizeak geratuko dituen bermea”.

Aizpuruak igandean konfiantza euskal alderdiei emateko eskatu die euskal herritarrei, botereguneak Madrilen dituzten alderdi espainolak ez bezala, “geu garelako ondoen ezagutzen ditugunok euskal herritarren interesak, haien ondoan egunero eta uneoro gaudenok eta haien interesak eta kezkak lehenesten ditugunok; gure lehentasunak hemen bizi eta lan egiten duten euskal herritarrak direlako, eta guri Madrilgo inork ez digulako esaten euskal herritarrentzat lehentasuna den gai bat albo batera uzteko”.