Nerea Kortajarena:
Gaur, beti bezala, Euskal Herri osoari begiratzen diogu. Zazpi lurraldeak kontuan hartuta, eta lehen indar politiko gisa dagokigun erantzukizunetik, hiru konstatazio egin eta esperantzarako mezu bat zabaldu nahi dugu.
Lehen konstatazioa: autoritarismoaren gorakada nabarmena da gure inguruan. Estatu frantsesean Le Penek ordezkatzen du, eta espainiar estatuan PPk eta VOXek.
Bigarren konstatazioa: munduan indarra nagusitzen ari da elkarrizketaren eta diplomaziaren ordez. Trumpen handinahikeria eta oihanaren legea dira horren adierazle. Gaur ere bereziki gogoan dugu Palestina.
Hirugarren konstatazioa: Euskal Herrian arazo larriak izaten jarraitzen dugu: etxebizitzaren prezioa, bizitzaren garestitzea, euskararen aurkako oldarraldia edota zerbitzu publikoen prekarizazioa. Betikoek, betikoa egiten jarraituz, konponduko ez dituzten arazoak. Bestetik, lehen mailako arazo politikoa dugu indarkeria matxistarekin, eta jada ez nahikoa nahikoa dela esatea.
Esperantzarako mezua: 2026an herri honek izango dituen erronkei aurre egiteko, parez pare dugu gure estatus politikoak eguneratzeko aukera. Izan ere, 2025ak berriz ere erakutsi digu burujabetza dela herritar guztien ongizatea bermatzeko tresnarik eraginkorrena.
Horregatik, EH Bilduk berretsi egiten du datorren urtean ere zarata gutxi eta lan asko egiteko konpromisoa. 2026an ere lanean jarraituko dugu jendearen bizitza hobetzeko akordioak sustatzen, mehatxu guztien gainetik, zero ustelkeriarekin, entxufismorik eta ate birakaririk gabe, eta herri honekin zein herritarrekin konpromiso osoz. 2026a izan dadila esperantzaren, alternatibaren, irribarrearen, ziurtasunaren eta zintzotasunaren urtea.
Urte berri on, eta gora Euskal Herria askatuta!