Fiskalitatearen gaiari helduta, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen fiskalitatea PPrekin adostutakoa dela gogoratu du Nerea Kortajarena legebiltzarreko EH Bilduko bozeramileak Bizkaia Irratian egin dioten elkarrizketan eta nabarmendu du diru sarrerak murriztuz doazela. «Atzo aurkeztu zitzaiguna ez da erreforma fiskala, erretoke fiskala da. Garai honek erreforma sakona eskatzen du», adierazi du Kortajarenak.
«Ez dago dokumentu bat ere honen inguruko lanketa egiteko. Bilera bat ere ez da egon. Honek planteamendu sakonagoa eskatzen du, are gehiago kontuan hartzen badugu Gipuzkoan eta Araban EAJ-PSEk ez dutela gehiengorik. Bi aukera bakarrik daude, Madrilgo fiskalitatea eredu dutena, eta hori PPrekin egiten da; begirada Europako herrialde aurreranuenetan jarriko bada, hori EH Bildurekin egiten da. Baina EH Bildurekin adosteko, negoziatu egin behar da», gaineratu du bozeramaileak.
Aurrekontuen negoziaketari begira ere, zentzu beretsuan mintzatu da Kortajarena. «Jauzia ematea behar dugu, herritarrei erantzunak emateko politika publikoetan egiturazko aldaketak egin behar dira: etxebizitza politikan, gutxieneko soldata propioan bidea egin behar da, zaintza politiketan, trantsizio energetikorako politiketan. Jaurlaritzak badu gehiengo nahikoa aurrekontuak ateratzeko, baina EH Bilduren babesa nahi badute, Jaurlaritzak lan egin beharko du», nabarmendu du legebiltzarkideak.