Nerea Kortajarena Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramailea Naiz Irratian elkarrizketatu dute, gaur goizean, eta EAEko aurrekontuak izan dira hizpide nagusi. «Prozesu honetan akordiorako borondatea erakutsi dugu eta horrek mugitzea eskatzen du. Orain, Gobernuari dagokio mugitzea, akordioa lortu nahi badu. Aukera baten aurrean gaude. Guk herritarren kezka nagusiak jartzen ditugu mahai gainean: etxebizitza eta lanbide arteko gutxieneko soldata», adierazi du bozeramaileak. Haren esanetan, «gobernuak gehiengo osoa dauka eta aurrekontu hauek onartuta daude. Baina, gobernuak EH Bilduren babes politikoa nahi badu, gure begirada ere egon beharko da aurrekontuetan».
Etxebizitza alorrean eman beharreko urratsetan ere azpimarra egin du Kortajarenak. «Alokairuzko etxebizitza parke publikoa handitu behar da, baina Jaurlaritza anbizio gutxirekin ikusten dugu. Aurten salgai jarriko diren babes ofizialeko etxebizitzak erostea eta udaletatik aukeran jartzen diren etxebizitza merkeak erostea proposatzen dugu. Horretarako izango dira 95 milioi euroak. Horrez gain, ezinbesteko ikusten ditugu etxebizitza merkatuan esku-hartzeko politikak: alokairuei topeak ezarri, pisu turistikoei mugak jarri eta hutsik dauden etxebizitzak mugitzea», azaldu du.
Eta bestalde, gutxieneko soldatari loturik, Kortajarenak kritikatu du Patronalek oztopoak jartzen dituztela gutxieneko soldatarekin baina Jaurlaritzak ere ez duela jarrera proaktiborik erakutsi. «Horren ondorioa da langileek eros-ahalmena galdu dutela. Jaurlaritzak alde guztiak interpelatu behar ditu, akordio interprofesionalak lortu ahal izateko», bukatu du.