EH Bilduk kezkaz jaso du Gurutzeta Ospitaleko goi mailako kargudun batzuen dimisioen albistea, han gertatutakoak agerian utzi dituelako berriz ere “Osakidetza barruan dauden barne tentsioak eta egiturazko gabeziak”, Rebeka Uberak adierazi duenez. “Osasun sailburuak asteak daramatza errua Monica Garcia ministroari botatzen, baina arazoa hemen daukagu, eta Gurutzetako dimisioek hala frogatzen dute”.
Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak dei zuzena egin dio Alberto Martinez sailburuari: “Utzi baloiak despejatzeari, onartu behingoz zure erantzukizun guztiak eta hasi Osakidetzako arazo estrukturalei heltzen, sistemaren gainbehera gelditu eta egoera iraultzeko”. Izan ere, “Osakidetzan egoera gero eta jasanezinagoa da. Urteak eta urteak daramatzagu sistemari eusten langileen gain-esfortzuari esker, baina horrek ere mugak ditu. Bada garaia Osasun Sailak soluzioak emateko. Gero eta argiago dago gure osasun sistema publikoa salbuespeneko neurrietan oinarritzen dela, eta hori oso kezkagarria da”.
Horren haritik, Uberak “medikuen greba aitzakia gisa erabiltzea” leporatu dio Osasun sailburuari, “Osasun Sailaren eta Osakidetzaren ardurak ezkutatzen saiatzeko, ezkutatzeko aspaldidanik datozen egiturazko arazoek bere horretan jarraitzen dutela, eta okerrera egiten ari direla neurriak garaiz ez hartzeagatik”. Hortaz, premiazkotzat jo du “sailburuak Madrili begiratzeari uztea eta dagozkion ardurak bere gain hartzea”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi duenez, “Osakidetzak itxaron zerrendekin duen arazo larria aspaldidanik dator, eta iaz egoera okerrera egiten hasi zen”. Eta erantsi du: “Medikuen grebak ez du berez itxaron zerrenden egoera penagarria azaltzen. Sailburuak ezin du greba erabili bere burua ezkutatzeko, arazo guztiak Ministerioaren ardura balira bezala, zeren eta ezin dugu ahaztu medikuen aldarrikapen gehienak Jaurlaritzaren eskumena direla: lanaldia, antolaketa, soldatak, lan deialdiak, guardiak… kontu horiek guztiak autonomia erkidegoen eskumenak dira. Gure kasuan, Osasun Sailaren eskumenak, eta, beraz, berari dagokio sindikatuekin negoziatzea eta adostea. Nafarroan, adibidez, ikusten ari gara. Hango Gobernua jada mugitu da, eta hurbilpen-ariketa bat egin du langileekin, agian Nafarroan grebaren amaiera ekarriko duena”.