Mertxe Aizpurua bozeramaileari elkarrizketa egin diote Onda Vascan, Mozal Legeari amaiera emateko akordioaren ostean. «Aurreko legealdiko testua osatzea lortu dugu, Mozal Legea bertan behera gera dadin eta herritarren eskubideak errespeta daitezen. Espero dut izapideak azkar egingo direla. Lege Proposamena dagoeneko erregistratuta dago sei talderen sinadurarekin», ziurtatu du Aizpuruak. Diputatuaren iritziz, «premiazkoa zen Mozal Legearen zentzu autoritario nabarmena iraultzea, poliziaren gehiegikeriak saihesteko». Aurrekontuen negoziazioen bilakaerari buruz galdetuta, Aizpurua baikor agertu da. «Ez gara hutsetik abiatzen. Aurrekontuen negoziazioa aurreratuta daukagu eta hilabete luzeetako lanaren ostean akordio egokia lortzea espero dugu», adierazi du.
«' Laneko baja malguak' proposatzea astakeria da. Eskubideetan atzera egitea ekarriko luke. Ez da onargarria. Osasunarekin ez da jolasten. Osasuna zaintzea langileen eskubidea da», berretsi du diputatuak, Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak egindako adierazpenen ondotik. Bukatzeko, gaineratu duenez, «Gobernua ezin da legegintzaldi honetan lasai egon, boto guztiak behar dituelako, baita EH Bildurenak ere. Aurrerapenik ez dakarten legeetan ez gara egongo. Ez dugu zaratarik egingo zarata egiteagatik».