ETB 2ko 'En Jake' saioan egindako elkarrizketan, Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak Mozal Legearen inguruan Gobernuarekin lortutako akordioaren harira adierazi duenez, «orain posible da lehen posible izan ez zena». «Denborak aukera eman du alderdi kaltegarri guztiak ezabatzeko. Gobernuak azkenean ulertu du hori zela Mozal Legea amaitzeko modu bakarra», argitu du.
«Gainerako indar politikoei akordioaren berri ematen diegu, eta testua helarazten diegu; ez da ohikoa legebiltzarreko jardueran. Gardentasunaren ikuspegitik akatsik gabea da. Gaur bertan erregistratuko dugu lege-proposamena. Espero dut izapidea azkarra izatea. Ziur nago aurrera aterako dela», amaitu du Aizpuruak.