EAJk, PSEk, PPk eta Voxek EH Bilduren legez besteko proposamena atzera botaz, Legebiltzarrak fake news-en erabilerari aurre egiteko aukera bat galdu du gaur, Garikoitz Mujikak deitoratu duenez. Ezker subiranistak batzorde berezi bat sortzea proposatu du larria den errealitate berri horri seriotasunez eta ikuspegi integral batez aurre egiteko eta neurri zehatzak adosteko. «Herritarrei manipulazioari eta desinformazioari aurre egiteko tresnak emateko aukera bat galdu dugu, politikarekiko dagoen mesfidantzaren aurrean gu ere, zerbitzari publiko bezala, eredu izateko aukera», Mujikaren iritziz.
EH Bilduko legebiltzarkideak «gezurra gero eta gehiago naturalizatzen den mundu batean bizi garela» ohartarazi du, eta, beraz, «desinformazioari aurre egitea erronka unibertsala da, demokraziari krisia eragiten ari zaiolako mundu osoan, ultraeskuinak desinformazioa helburu politiko zehatzekin erabiltzen baitu, eta arriskua hortxe datza».
Hori horrela, Mujikak fake news-en erabilera salatzetik harago joan beharra aldarrikatu du, eta Legebiltzarrean batzorde berezi bat eratzea proposatu du herritarrei informazio objektiboa jasotzeko eskubidea bermatzeko. «Horrek berekin dakar komunikabideei funtzio sozial berriak esleitzea, kazetaritzaren eta bere informazio iturrien gardentasuna bermatzeko neurriak mahaigaineratzea eta komunikabideentzako finantzazio irizpide eta banaketak berraztertzea».