AKTUALITATEA

| 2020-07-03

Jasone Agirrek adinekoen egoitza zentroen egoerari erreparatu dio gaur Basaurin, Bizkotxalde erresidentziaren aurrean, “merezi dugun herria adinekoak eta, oro har, herritarrak zaintzen dituena delako, bai eta zaintzen gaituztenak ere ongi zaintzen dituena”. Azaldu duenez, “etor daitekeenerako prestatu behar dugu eta, ondorioz, ez da guraizea sartzeko garaia, zaintza-sisteman eta egoitzetan inbertitzeko eta arlo publikoa bultzatzeko unea baizik”. Izan ere, “ezin dugu ahaztu EAEk duela hildakoen bigarren ehunekorik handiena Europan Covid-agatik, eta heriotza horien %40 adinekoen egoitzetan izan dira. Administrazio publikoek autokritika egin behar dute, eta herri gisa merezi dugun zaintza-sistemari buruzko hausnarketa egin behar dugu”.

Horren ildotik, Bizkaiko zerrendaburuak zaintzen sektoreko langileei emandako txaloak ekarri ditu gogora, eta azpimarratu du EH Bilduk “soldata eta lan baldintza duinak dituzten langileak” nahi dituela, “ez heroirik, ezta hilabete amaierara heltzeko orekak egin behar izaten dituztenak ere”. Hori dela eta, “erakunde arteko funts bat sortzeko konpromisoa” hartu du, “lehenik eta behin, egoitzetako langile guztiei 1.500 euroko aparteko ordainsaria ordaintzeko eta, bigarrenik, sektoreko soldata eta lan baldintzak hobetzeko. Egoitzetako langileek egindako ahalegin heroikoa aitortu eta baloratu behar dugu”.

EAEko erresidentzietan 18.000 pertsona baino gehiago bizi direla eta koronabirusak jota hil direnen %40 zentro horietan bizi zirela gogorarazi ostean, Agirrek esan du pandemiak “adinekoei arreta emateko EAJren ereduaren gabezia guztiak” azalarazi dituela. Eredu horren porrota frogatutzat emanda, irtenbidea proposatu du, bi fasetan, adinekoei eskaintzen zaien arreta hobetzeko eta zaintzaileei lan baldintza duinak bermatzeko:

Lehenago, “aurrekaririk gabeko baliabide publikoen mobilizazioa” proposatu du, banakako gelen kopurua handitu eta plaza berriak irekitzeko. Azaldu duenez, ahalegin ekonomiko horrek “adinekoek egunean gutxienez bi orduko arreta zuzena jasotzea” ahalbidetuko luke. Gainera, EH Bilduren planteamenduak egoitzen gaineko kontrol publikoa bermatzen du, “administrazioek zentro pribatuetan esku hartzeko eskumena atxikiko dutelako”.

“Bigarren fasean adinekoentzako egungo arreta-eredua lehenbailehen berrikusiko dugu”, azaldu du Agirrek. “Pandemian gertatutakoa argitu beharko da, oraindik galdera asko daudelako erantzuteko. Adinekoen zaintza, osasun eta askatasunaren arteko oreka zaindu beharko du. ‘Normaltasun berrian’ hartutako zenbait neurriren berrikuspen etikoa ere premiazkoa da; izan ere, badirudi neurri horiek gehiago erantzuten diotela agintarien segurtasunari erabiltzaileen segurtasunari baino”.

EH Bilduren hautagaiak pandemian zehar erresidentzietan pairatutako egoera salatu du, bai eta zentroen arteko alde handiak ere. “Egunero genekien, komunikabideen bidez, babes-neurri gutxi eta langile gutxi zeudela, baina Urkulluk legeak aitortzen dizkion eginkizunei uko egitea erabaki zuen. Pandemiak beste irudi batzuk ere utzi dizkigu. Adibidez, Gipuzkoako egoitzetako milaka langilek 243 eguneko greba  alde batera utzi zuten zeuden behar larriei erantzuteko; beren bizitza arriskuan jarri zuten beste pertsona batzuen bizitza zaintzeko”.