AKTUALITATEA

| 2019-05-14

Bea Ilardiak EH Bilduren ahaldungai nagusi bezala Bizkaian nahi duen eredu sozial eta ekonomikoa eta Unai Rementeria EAJren hautagaiarena kontrajarri ditu gaur arratsaldean Santurtzin, jeltzalearen txio bakar bat nahikoa izan baita hark enpleguaz, ekonomiaz eta langileen eskubideez dituen ideiak laburbiltzeko. Horri erreparatuz, Ilardiak ohartarazi du “hauteskunde hauetan aukeratu behar dela: edo Rementeriaren prekarietatearen eredua edo EH Bilduk ordezkatzen duen Europa moderno eta aurreratuaren eredua; hori da hilaren 26an jokoan egongo dena, zalantza barik”.

EAJren ereduan ez bezala, “EH Bilduk nahi eta proposatzen duen Bizkaian langileek eskubideak dituzte, ez dira ez esklaboak ez langile prekarioak; guk proposatzen dugun Bizkaiak langile guztien eskubideak eta pertsona guztien ongizatea bermatzen ditu”. Horren haritik, ahaldungai nagusiak erantsi du erronka eta helburua izan behar dela Bizkaia Europako herri aurreratuenen pare jartzea, herri horiek hain justu izan behar direlako erreferentzia, “herrialde honek nahikoa baliabide dituelako horretarako”. Bere esanetan, anbizio eta borondate politiko kontua da, eta EH Bilduk baditu gogoa eta indarra pertsona guztien eskubide soziala eta ekonomikoak hobetzeko bidean aurrera egiteko”.

Arnaldo Otegi: “Ezkerraldea barik ez dago Euskal Errepublika eraikitzerik”

Bea Ilardiaren alboan Santurtziko alkategai Miren Matanzas eta EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi izan dira. Azken honek koalizioak Ezkerraldeari ematen dion garrantzia nabarmendu du –“Ezkerraldea barik ez dago Euskal Errepublika eraikitzerik”– eta harro agertu da EH Bilduren baloreak direla eta. “Zintzotasuna, konpromisoa, emandako hitza betetzea… horrela egon gara azken urteotan egin diren akordio nagusi guztietan: bakean, Nafarroan aldaketa lortzeko, Ipar Euskal Herrian instituzionalizazioan eta Gasteizko Legebiltzarrean estatus politiko berriaren oinarri eta printzipioetan”. Azken horri buruz gaineratu du EH Bilduk “denboran eta forman” beteko duela.