AKTUALITATEA

| 2026-11-18

EH Bildu legebiltzar-taldeko bozeramaile Pello Otxandianok “modu eraginkorrean bozkatzera” eta, hortaz, “botoa EH Bilduri ematera” deitu du gaur arratsaldean. Azaldu duenez, “ez dugu EH Bilduko kide egiteko eskatzen, munduko hainbat lekutan altxatzen hasi den esperantzaren olatuarekin bat egiteko baizik. Ez da ekidistantziarako garaia. Herri hau bizkar gainean hartzeko eta esperantza gauzatzeko unea da”. Otxandiano hala mintzatu da Arrasaten, kanpainako gaurko ekitaldi nagusian, eta berarekin batera Oihana Etxebarrieta Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua eta Olaia Duarte Senaturako Gipuzkoako hautagaia ere izan dira bertan.

 

Otxandianoren iritziz, hauteskunde hauetan bi aukera baino ez daude: “Aurrera egitea edo atzera egitea. Eskubideak eta askatasunak zabaltzen jarraitzea edo garai ilunetara itzultzea. Guk badakigu zer hautatzen dugun, eta argi diogu lehia EH Bilduren eta bloke erreakzionarioaren artean dagoela”. Horregatik, “modu eraginkorrean bozkatzera” deitu du:

 

“Apaltasun osoz, dei bat egin nahi diegu, gai batzuetan EH Bildurengandik urrun sentitu arren, hemen helburu handiago bat, eskuin muturra geldiaraztea, alegia, dagoela argi duten pertsona guztiei. Euskal Herrian horretarako boto estrategiko eta eraginkor bakarra EH Bilduri emandako botoa da. Ez diegu EH Bilduko kide egiteko eskatzen. PPk eta Voxek oposizioan segi dezaten boto eraginkor bakarra EH Bildu dela argi izanda, kontzientzian bozkatzeko eskatzen diegu. Hemen bi aukera daude: PP eta Vox, euren agenda erreakzionarioarekin, ala ezkerretik, feminismotik eta subiranismotik abiatutako itxaropenezko proiektu bat, EH Bilduk ordezkatzen duena. Eta badakigu oraindik jokoan dauden eserlekuak EH Bilduren eta bloke erreakzionario horren artean lehiatzen direla. Beraz, eskatzen dizuegu botoa emateko eskubidea ikuspegi estrategiko batekin erabiltzeko eta, hortaz, eskuin muturra geldiarazteko balioko duen boto eraginkorra emateko”.

 

Otxandianok mezu baikorra helarazi die Arrasaten bildutako bilkideei, “zerbait oso potentea eraikitzen ari garelako eta, inkestek diotena alde batera utzita, nabaritzen delalko jendearekin hitz eginez gero, gero eta jende gehiago hurbiltzen ari dela EH Bildura. Umiltasunez ari gara, baina kontzienteak izanik gizarte bat dagoela gure zain. Ziur gaude koprotagonistak izango gara herri hau une historiko honetan gidatzeko, herri hau askatasunera eta erabateko burujabetzara eramateko. Prest gaude erronka hori gure gain hartzeko”.

 

Oihana Etxebarrieta Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak EH Bildu “berme feminista” dela azpimarratu du. “Ezker subiranistari emandako botoa matxismoari aurre egiteko eta faxistei eta erreakzionarioei aurre egiteko bermerik onena da. Eskuinaren aurrean, emakume guztientzako eskubide gehiago. EH Bildu berme feminista da abortatzeko eskubidea blindatzeko edo indarkeria matxistaren biktimen babesa indartzeko”.

 

Hori dela eta, “emakume guztiak, gazteak zein helduak, EH Bildu bozkatzera” deitu ditu, “boto horrek bikoitza balio duelako: matxistei y faxistei aurre egiteko balio du, baina, horrez gain, politika feministak eta berdintasun-politika ausartagoak bermatzen ditu”.

 

“Emakumeok ez dugu atzerapauso bakar bat ere emango”, ziurtatu du Etxebarrietak, eta horrek, erantsi du, PP-Vox aliantza garaitzea ahalbidetuko du. “Elkarrekin indartsuak gara eta bloke erreakzionarioari partida irabaziko diogu”.

 

Olaia Duarte Senaturako hautagaiak EH Bilduk azken urteotan Kongresuan zein Senatuan egindako lana eskertu du, han “gauzak aldatzeko eragiteko gaitasuna” erakutsi baitu, adibidez, alargun-pentsioak eta pentsio ez kontributiboak %15 igotzeko, gurea ez direlako hitz hutsak, bizitza duinak ahalbidetzea baizik”.