AKTUALITATEA

| 2022-05-19

Maiatzaren 27an eta 28an EH Bilduk bere lehen Konferentzia Munizipalista egingo du Iruñean. Euskal ezker subiranistako alkate eta zinegotzien lehen bilera da, eta ehunka ordezkari eta tokiko kargu publiko bildu nahi ditu. Datorren asteko ostiral eta larunbatean erlojuak sinkronizatu eta programak eta ideiak partekatuko ditugu, bertan bizi eta lan egiten dutenentzat herri eta hiri hobeak eraikitzeko lanean jarraitzeko helburuarekin. Elkarri entzungo diogu, elkarrengandik ikasiko dugu. Hobetzen ikasiko dugu, gure komunitateak hobetzeko.

EH Bilduko karguak ez gara bakarrik egongo Iruñean. Gurekin izango dira dagoeneko udal programa eta politika berritzaileak eta arrakastatsuak abian jarri dituzten nazioarteko ordezkariak. Antolatu ditugun gaikako paneletan parte hartuko dute:

Eoin Ó Broin, Sinn Feineko parlamentaria

Ruairi Kelly, Glasgowko Udaleko zinegotzia (SNP)

Jabiera Manzi, Txileko mugimendu eratzailearen ordezkaria

Jesper Kiel, Kopenhageko aliantza gorri-berdeko udal-politikako arduraduna

David Payot, Lausanako alkateordea

Sandra Castro, Lleidako alkateordea (ERC)

Francisco Garcia, Allarizko alkate ohia (BNG)

Selmi Holopainen, Turkuko Udaleko zinegotzia, Finlandia


EH Bilduren Konferentzia Munizipalista ostiralean, maiatzaren 27an, hasiko da Iruñeko Baluarten egingo den solasaldiarekin. Bertan Iruñeko zinegotzi Joseba Asironek, Errenteria-Oreretako alkate Aizpea Otaegik eta Sinn Feineko parlamentari Eoin Ó Broinek hartuko dute parte.

Maiatzaren 28an, larunbaean, jardunaldi bat izango da Iruñeko Refenan. Bertan, hainbat gai landuko dira, ikuspegi munizipalista batetik: Gobernantza eredu herrigilea, trantsizio energetikoa, gobernantza feministaren eredua eta etxebizitza.

Gai horiek dira, besteak beste, gure herriak, eta munduak oro har, aurrean dituen erronka kolosaletako batzuk. Garai nahasiak bizi ditugu, aldaketa handiak eta ziurgabetasun izugarriak bizi ditugu, eta udalgintzak funtsezko papera izan dezake. Tokikotik, hurbiletik, aurre egin beharreko erronka globalei ere erantzun ahal izango zaie. Eta, izan ere, egiten ari gara.

Konponbide berriak behar dituzten ziurgabetasun garaiak bizi ditugu. Errezeta zaharrek ez dute balio. Konferentzia Munizipalistan konponbide berri horiek landuko ditugu. Baina eskatzen ditugun konponbide berri horiek lidergo berriekin batera joan behar dute, bai ala bai, eta beste modu batean egin behar dira gauzak, baita politika publikoen inplementazioari dagokionez ere. EH Bilduko alkateek denbora daramate gauzak beste era batera egin daitezkeela erakusten. Politika publikoak abian jarri aurretik, jendearen beharrak entzun eta aditzen, herritarrekin etengabe konplizitateak eta sinergiak bilatzen, komunitatea eraikitzen.

Lidergo berriak, helburu bakartzat hiri, herri eta auzo bizigarriagoak eraikitzea dutenak. Lidergo berriak, enplegua, mugikortasuna, kultura, gizarte zerbitzuak eta aisialdia bezalako esparruetan oinarrizko eskubide guztiak bermatzen dituztenak. Lidergo berriak, komunitatearekin eta komunitatearentzat lan egingo dutenak, komunitate sentimendua sortu eta indartuko dutenak, non guztiek parte hartuko duten hartzen diren erabakietan. Azken batean, lidergo berriak, erantzunkidetasuna jarraitu beharreko iparrorratza dela argi izanik gobernatzen dutenak. Desberdinarekin lan egiteko eta adosteko gai diren lidergo berriak. Horrela bakarrik lortuko dugu hiri eta herri bizigarriagoak eraikitzeko bidean eta helburuan.