AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2026-10-16

EH Bilduk ezagutzera ematen ditu Kongresu eta Senaturako azaroaren 29ko hauteskundeetako hautagaitzak. Azken urteotan Madrilen eginiko lanari jarraipena emateko apustua berretsi du proposamenak, belaunaldi aldaketa bultzatu eta udalgintzan zein parlamentuetan ibilbide politiko eta instituzional zabala daukaten profilak txertatuz.

Hautagaitzen parte diren pertsona guztiek bete-betean partekatzen eta ordezkatzen dute Euskal Herria Bilduren proiektu kolektiboa. Bloke erreakzionarioari partida irabazteko eta herritarren eskubide eta askatasunetan aurrera egiten jarraitzeko asmoarekin aurkeztu da EH Bildu hauteskunde erabakigarri hauetara.

EH Bilduren zuzendaritza Donostian bildu da gaur, eta ezeren aurretik, Mertxe Aizpurua, Bel Pozueta eta Jon Iñarrituren lana eta konpromisoa aitortu ditu. Pertsona militante eta ausartek osatzen dute ezker subiranistaren komunitatea, proiektu kolektibo baten alde lan egiten dutenak, herriari eta herritarren beharrei erantzuteko borondate irmoarekin. Kongresuko eta Senatuko talde parlamentarioek urteotan egindako lana ere nabarmendu du ezker subiranistaren zuzendaritzak.

Mahai Politikoak oso positibotzat jo du urteotako lana, eta uste du, egindako esfortzuari esker, Euskal Herria baldintza hobeagoetan dagoela aurrean dituen erronkei aurre egiteko. Indar subiranistaren arabera, euskal herritarrek ere lan hori aitortuko dute hautetsontzietan azaroaren 29ko hauteskundeetan.

Ildo honetan, Kongresuko bozeramailea Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburua izatea proposatu du EH Bilduk. Senatuko bozeramailetza, berriz, Idurre Bideguren Bizkaiko zerrendaburuak hartzea proposatu du ezker subiranistak.

 

Mikel Otero eta Josu Estarrona izango dira Kongresu eta Senaturako Arabako zerrendaburuak

Kongresurako Arabako zerrendaburua Mikel Otero Gabirondo izango da. XV legealdian diputatua izan da, eta ezker subiranistaren erreferente nagusi gisa indartu da trantsizio ekologiko eta energetikoari lotutako gaietan.

Eba Blanco de Angulo izango da zerrendan bigarrena; Eusko Alkartasunako idazkari nagusia eta Eusko Legebiltzarreko bigarren lehendakariordea da egun. Jon Ruiz de Pinedo Lekuona antropologo eta gizarte integratzaileak eta Aitziber Salazar Arresti EH Bilduren Gasteizko Udaleko zinegotziak osatzen dute Arabako hautagaitza.

Hautagaitzak, halaber, tokiko politikako ordezkarien sostengua dauka: Jose Manuel Villanueva Gutierrez, Oiongo alkatea; Ainize Gastaka Martinez, Laudioko alkatea; eta Agustin Otsoa Eribeko Landa, Gorbeialdeko Kuadrillako presidentea; ordezko gisa aurkeztuko dira hiruak.

Senaturako, berriz, EH Bilduk Josu Estarrona Elizondoren aldeko apustua berretsi du; lehen aldiz Arabako Senatuko eserlekua lortu zuen. Estarronak alboan izango ditu Ainhize Solaun Mendiguren, gizarte integratzailea eta kultur kudeaketako teknikaria, eta Manu Martinez Agirre, Zientzia Politikoetan graduatua eta EH Bilduko Nazioarteko Harremanetarako taldeko kidea.

 

Oskar Matute eta Idurre Bideguren izango dira Bizkaiko hautagaitzen buru eta Madrilgo bozeramaile

Kongresurako Bizkaiko hautagaitza Oskar Matute Garcia de Jalon-ek lideratuko du, eta Kongresuko Talde Parlamentarioko bozeramailea izango da. Matuteren ostean, Marije Fullaondo La Cruz aurkeztuko da. XV legealdian diputatu izan ostean hautagaitza errepikatzen du Fullaondok; hezkuntza eta osasuna bezalako gaiak landu ditu azken legealdian.

Honakoak ere izango dira Bizkaiko hautagaitzaren parte: Andoni Rojo Toyos Talde Parlamentarioko egungo koordinatzailea; Garazi Zalbidea Lopez ekonomialaria; Markel Rio Taracido gazte mugimenduko kidea; Izortze Santin Gomez EHUko ikertzailea; Ina Robles Fernandez suhiltzaile eta giza eskubideen aldeko ekintzailea; eta Ane Muguruza Bartolome, 1989ko azaroaren 20an gerra zikinak hildako diputatu hautatu bakarraren alaba.

Tontxu Campos Granados Bizkaiko foru diputatu ohi eta Ibarretxeren Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak, Ihart Arakistain Muñoz Euskal Selekzioko pilotari profesionalak eta Mikel De La Fuente Lavin EHUko Lan Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakasleak osatuko dute zerrenda.

Senatuari dagokionez, Idurre Bideguren Gabantxo Bermeoko alkate ohi eta egungo senatari autonomikoarekin batera, Martin Arrasate Iriarte Durangoko abokatu gaztea eta Aitziber Ibaibarriaga Etxebarrieta Bilboko Udaleko arkitekto eta zinegotzi ohia izango dira.


Oihana Etxebarrieta eta Sonia Jacinto izango dira Kongresu eta Senaturako Gipuzkoako zerrendaburuak

EH Bilduk botoen %30a gainditu zuen Gipuzkoan 2023ko hauteskundeetan. Oihana Etxebarrieta Legrand kazetari eta 2016tik Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea izango da Kongresurako zerrendaburua Gipuzkoan. EH Bilduko Feminismoen idazkari izandakoak nazioarteko harremanetan eta berdintasun politiketan oinarritu du Legebiltzarrean egindako lanaren zati handi bat. Gorka Elejabarrieta Diaz da zerrendan hurrengoa, EH Bilduren Senatuko bozeramailea eta Harreman Politikoetarako idazkaria. Ondoren, Aizpea Otaegi Mitxelena, Orereta-Errenteriako egungo alkatea; gizarte inklusiboaren alde eta alokairuak arautzearen alde martxan jarritako ekimenengatik nabarmendu da urteotan.

Gipuzkoako udal ezberdinetako erreferentziek osatzen dute haitagaitza: Xabier Lertxundi Asteasuinzarra, Hernaniko alkatea; Ane Unanue Gutierrez, Irungo Udaleko zinegotzi gazteena, eta Iñaki Ostolaza Esnal, Zumaiako alkatea.

Kattalin Miner Perez idazle eta aktibista feminista eta Pello Urizar Karetxe Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi ohi eta Bilduren sortzaileetakoa ere hautagaitzan doaz. Azken hiru legealdietan EH Bilduren bozeramaile izan den Mertxe Aizpurua Arzallusek itxi du hautagaitza.

Sonia Jacinto Garcia EH Bilduko Antolakuntza idazkaria izango da Senaturako Gipuzkoako zerrendaburua. Alboan izando ditu Mario Zubiaga Garate, Zientzia Politikoetan doktorea eta XV legegintzaldiko senataria, eta Olaia Duarte Lopez, gizarte langilea eta senataria.

 

Eneka Maiz eta Floren Aoiz izango dira Kongresu eta Senaturako Nafarroako zerrendaburuak

Kongresurako zerrendaburua Eneka Maiz Ulaiar izango da, egungo foru parlamentaria eta Etxarri-Aranazko alkate ohia. Nafarroako Hezkuntza Kontseiluko eta Euskararen Nafar Kontseiluko kidea da, eta ikerketa soziolinguistikoari, hezkuntzari eta euskalduntzeari estuki lotutako ibilbide profesionala eta militantea garatu du urteotan, bai haurren artean eta baita helduen artean ere.

Mikel Oteiza Iza Atarrabiako alkatea, Ainhoa Bueno Munarriz gazte mugimenduko militante eta Abaurregainako zinegotzia eta Arturo Goldaracena Asa Tafallako alkate ohia dira hautagaitzan hurrengoak. Bel Pozueta Fernandezek ere osatzen du Kongresurako zerrenda, azken bi legealdietan Nafarroako ezkerreko subiranismoaren ahotsa izan ostean Kongresuan.

Peio Martinez de Eulate Maestresalas pilotari eta Iruñeko Udaleko zinegotzi ohiak, Iraia De La Torre Landera Azagrako militante euskaltzaleak eta Beñat Jusue Rosano EH Bilduko Erriberako arduradun politikoak osatzen dute Nafarroako zerrenda.

Floren Aoiz Monreal EH Bilduren Espainiako Estatuko Harreman Politikoen arduraduna, idazlea eta Iratzar Fundazioko presidentea izango da Senaturako hautagaitzaren buru. Alboan izango ditu Paula Garcia Garcia, EH Bilduko Iruñeko arduradun politikoa eta mugimendu feministako militantea, eta Angel Martin Unzue Ayanz, sindikalista eta Agoizko alkatea.

Kongresu eta Senaturako hautagaitzak