EH Bilduk gaur goizean aurkeztu ditu A-29ko hauteskundeetarako hautagaiak Donostiako Kursaalen. Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari nagusia 22 hautagaik lagunduta agertu da ekitaldian, eta nabarmendu du Euskal Herrian posible dela PSOEren ezkerrera dagoen indar politiko batek hauteskundeak irabaztea.
Otegiren hitzetan, hautagaiek orain arte egindako lanari jarraipena emateko konpromisoa dute, herritarren interesak defendatuz eta autoritarismoari ateak itxiz.
“Guk ez dugu promesarik egin behar. Guk orain arte egindako lanari jarraipena eman nahi diogu”, adierazi du EH Bilduren idazkari nagusiak.
Otegik EH Bilduren izaera politikoa eta lan egiteko modua nabarmendu ditu, izaera kolektiboa eta euskal izaera azpimarratuz.
“EH Bildu Euskal Herriko KM 0ko ezkerra da, euskalduna, eskola politikoan biderkatzen eta gehitzen ikasi zuena, ez kentzen. Eta kolektiboa indibiduoaren gainetik jartzen duena. Hemen ezker nazionala dago, zarata gutxi eta lan asko egiten duena”, azaldu du.
Era berean, hautagaiek datozen hilabeteetan izango duten erantzukizuna nabarmendu du, eta helburu politiko nagusietako bat zein den argi utzi du:
“Gure esku badago ez da FeiVox gobernurik izango”
“Eta hemen daudenak diputatu eta senatari direnean, oso garbi daukate zer egingo duten. Orain arte egin dutena. Badute helburu bat gauza guztien gainetik: FeiVox gobernu bat ez egotea Espainian”.
EH Bilduren idazkari nagusiak adierazi du ezker subiranistak argi duela zer defendatzen duen eta zein den bere erantzukizuna egungo egoera politikoan.
“Gu ez gara etsaiez tronpatzen. Guk marra non dagoen oso argi daukagu. Euskal Herriaren defentsa egitea, gure amaren etxearen defentsa egitea eta autoritarismoa geldituko duen bloke baten partaide izatea, betiere euskal ikuspegitik eta euskal begirada begi-bistatik galdu gabe”, esan du.
Otegik, halaber, EH Bilduk ordezkatzen duen aniztasuna nabarmendu du: «EH Bilduk espazio oso anitz bat ordezkatzen du, ideologia ezberdinetakoa, kultura politiko ezberdinetakoa».
«Gure herriari ez diogu, inondik inora, kale egingo»
Azkenik, Otegik azpimarratu du EH Bilduk lanean jarraitzeko konpromisoa duela, arduraz jardunez eta une historiko honetan duen erantzukizunaz jabetuta.
“Orain arte egin duguna egingo dugu: lanean jarraitu. Ondo egin ditugulako gauzak eta arduraz egin ditugulako gauzak. Jakitun gara zein ardura daukagun eta ardura historikoa zein den momentu honetan. Eta guk gure herriari ez diogu, inondik inora kale egingo”, adierazi du.
Otegik mezu honekin amaitu du bere hitzartzea: “EH Bildu da esperantza, maitasuna, irribarrea, konpromisoa eta gure amaren etxearen defentsa da”.