EH Bilduk 2011ko urriaren 17ko Aieteko Adierazpenaren 15. urteurrena gogoratu du gaur ezker subiranistak zabaldutako bideo baten bidez, eta bertan Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetarako idazkari eta EH Bilduren Senatuko bozeramaileak Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbide prozesuan mugarri hark izan zuen garrantzia nabarmendu du.
“2011n Aieten Euskal Herriak Espainiako Estatuarekin zuen gatazka politikoaren konponbide integralerako oinarria jarri zen”, adierazi du Elejabarrietak. “Geroztik ireki den bidea Euskal Herria bake justu eta iraunkor batetara heltzeko bidea izan da, baina batez ere ondoko belaunaldiei begira eraikitzen ari diren bidea”, gaineratu du..
EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi du Aieteko Adierazpenak nazioarteko komunitatearen bultzada ekarri zuela, ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko harreman zuzenak zailak ziren testuinguruan. Adierazpenak bost puntuko bide-orria ezarri zuen, eta ETAri dei egiten zion borroka armatuaren amaiera iragartzeko eta Espainiako eta Frantziako gobernuei erabaki horri modu positiboan erantzuteko, baita elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat irekitzeko ere. Era berean, gatazka politikoaren zergatiei heltzeko beharra planteatzen zuen.
“Munduan ezin da gatazkarik konpondu ez badago lidergo politikoa, arriskatzen diren pertsonak ez badaude eta azken erresoluzioa lortzeko pazientzia eta ausardia ez badago”, adierazi du.
Elejabarrietak nabarmendu du ETAk Aieteko epapenari erantzun ziola eta, hiru egun geroago, 2011ko urriaren 20an, borroka armatuaren amaiera iragarri zuela.
“Jonathan Powellek idatzi zuen bere garaian, eta Financial Times egunkarian egin zuen elkarrizketa batean esan zuen bere historia politikoan ez zuela inoiz ikusi erakunde armatu batek armagabetu nahi izanda parean armagabetze hori ekidin nahi zuen gobernua izatea”
Era berean, hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek eta nazioarteko komunitateak ondorengo prozesuan izan duten papera azpimarratu du.
“Testuinguru horretan, ETAk ezohiko moduan egin behar izan zuen prozesu hori herrialde osoko eragile politiko, sozial eta sindikalekin, baita nazioarteko komunitatearekin lankidetzan ere; oso paper aktiboa izan zuten guztiek nazioarteko estandarrak betetzen zituela ziurtatzeko orduan”, esan du.
Zentzu horretan, hainbat jatorritako familia politikoek parte hartu zutela nabarmendu du, eta hamarkadetan gertatutakoaren inguruan interpretazio ezberdinak egin zituzten arren, bake eszenatoki baten alde egiteko konpromisoa hartu zutela gogoratu du.
“Jatorri ezberdineko familia politikoek, gure herrian hainbat hamarkadatan gertatutakoaren inguruan iritzi ezberdinak izan zituztenek, aurrera pauso bat eman zuten eta konpromisoa hartu zuten prozesu bat babesteko, beharrezkotzat jotzen zuena, bake-agertoki zuzen eta iraunkor bat lortzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko, adierazi du.
Indarkeria guztien eta biktima guztien aitortza
Bere adierazpenetan, Elejabarrietak 2021eko Urriaren 18ko Adierazpena ere izan du hizpide; Aieteren ondoren, hamar urte geroago, ezker independentistak bultzatutako adierazpena, hain zuzen, indarkerien eta biktimen aitortzan aurrera egiteko helburuarekin.
“Guk pentsatzen genuen, Aieteko adierazpenetik 10 urtera, indarkeria horien guztien aitortzan aurrerapausoa emateko unea zela. Baina, zehazki, ETAk eragindako indarkerietan jarri nahi genuen arreta”, azaldu du.
EH Bilduren Harremanen Politikoetarako idazkariak biktima guztiak aitortzeko beharra defendatu du, eta esperientziak eta egiak kontuan izango dituen kontakizun partekatu baterantz aurrera egiteko beharra.
“Urrats garrantzitsua izan zela pentsatu genuen. Guk uste dugu indarkeria anitz daudela, biktima anitz, eta horiek guztiak aitortu behar direla”, esan du.
Era berean, erantzukizuna eskatu die eragile guztiei, norabide horretan aurrera egiteko: “Era berean, uste dugu eragile askok egin behar dutela beren urriaren 18ko adierazpena indarkeria horiek guztiak aitortzeko, biktimak aitortzeko eta kontakizun partekatu baten alde egiteko. Eragile ezberdin horien guztien egiek egia hori, egia bateratu hori osatuko dute”.
EH Bilduk bere helburu politikoei eusten die eta herri hobe bat eraikitzearen aldeko apustua egiten du
Elejabarrietak, bestalde, EH Bilduren helburu independentista berretsi du, eta herritarren bizi-baldintzak hobetzeko eta politikoki aurrera egiten jarraitzeko akordioak lortzeko beharra defendatu du.
“Guk ez diegu uko egiten gure helburuei, gure helburua Euskal Herriaren independentzia lortzea da, baina pentsatzen dugu oinarrizko kanpaleku bat adostu behar dugula, jende gehiena modu eraginkorragoan babestuko duten politika publikoak izango dituen herri hobea edukitzeko eta eraikitzeko, baina, era berean, kordadak egiten jarraitzeko aukera emango diguna, hainbeste irrikatzen dugun independentzia horretarantz bidea egiten jarraitzeko”.