AKTUALITATEA

| 2025-05-24

Gipuzkoako EH Bilduk Herrialdeko Batzarra elkartu du, gaur goizean, Beasaingo Igartza jauregian. Besteak beste, Gipuzkoako Mahai Politikoa osatuko duten kideak berretsi dituzte bertan Gipuzkoako bilkideek. Ekitaldi publikoan Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak eta Nekane Zinkunegi Gipuzkoako EH Bilduren arduradun politikoak hartu dute hitza.

Maddalen Iriarte:

Gaur inoiz baino gehiago argi daukat Gipuzkoak ezin duela gehiago itxaron. Gipuzkoa funtsezko une batean dago. Herritarrek aurrera egin dute. Sortu, zaindu, berritu,eraiki, amestu, jolastu, maitatu, asmatu... Baina erakunde batzuk atzera geratu dira. Jendea urrundu eta uxatu dute. Betikoan, inertzian, paralisian... Eta gurea bezalako herri bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena da geldirik egotea, mundua etengabe biraka ari den bitartean, galdera berriak, galdera zaharrak gainditzen ari direnean.

Nekane Zinkunegi:

Epe motzeko neurri efektistez harago, epe luzeko ikuspegiarekin proiektu partekatuak eraikitzeko unea da, baita Gipuzkoan ere. Egungo foru gobernua gutxiengoan gotortuta dago, unean unekoa kudeatzera mugatuta, eta horrek gipuzkoarron interesak bazter utzita aritzera darama.

Horren aurrean, EH Bildu prest dago lidergoa hartu eta etorkizuneko erronkei erantzuten Gipuzkoa abangoardia izan dadin sustatzeko. Gipuzkoarren gehiengoak ere behin baino gehiagotan erakutsi du EH Bildurenganako konfiantza. Gipuzkoako lehen indar munizipalista gara 462 zinegotzirekin, eta aitortzen diren 88 udaletatik 51tan alkatetza du EH Bilduk. Horietan egiten ari garen lanari esker, herriz herri errotutako proiektu politikoa da gurea, eta indargune hori baliatuta, egon ziur lortuko dugula, Gipuzkoa gobernatuko dugula!