Joan den apirilaren 8an bozkatutako Paul Molac legeak, esperantza sortu zuen herrialde anitzetan. Bozka horren ostean, La République en Marche alderdiko parlamentariek, Kontseilu Konstituzionala interpelatu zuen eta azken honek bere erabakiaren berri eman zuen joan den ostiralean.
Erran gabe doa, Kontseilu Konstituzionalak hartutako erabaki berriak, haserre handia eragin duela Euskal Herrian zein erabaki honen ondorioak pairatu beharko dituzten beste herrialdeetan ere. Azpimarratu behar da, bozka honen ondorioz, saila pribatu eta publikoan diren murgiltze sistemak gogorki kolpatuak izanen direla.
Frantziar estatuak mezu argi bat helarazi digu: Konstituzio honekin eta batez ere 2. artikuluarekin, hizkuntza gutxituek ez dutela inongo garapenik izanen. Murgiltze sistema lanjera bat ote da frantsesarentzat? Frantsesak beldur ote dio hizki diakritikoei? Nola ulertu behar dugu erabaki hori?
Euskarak, estatu juridiko berezi bat behar du bizirauteko. Euskarak bezala, hizkuntza gutxituak kontsideratuak diren beste hizkuntzek ere estatutu hori behar dute.
EH Baik eta EH Bilduk gure babes osoa adierazi nahi diegu, egunerokotasunean euskararen alde ari diren guziei: euskaldunak, elkarteak, erakasleak... Euskararen kontrako erasoa, euskaldunen kontrako erasoa da. Gure hizkuntzari dugun atxikimendua erakutsi behar dugu eta erasoari kolektiboki erantzun, mobilizazioen bitartez.
Gure hurrengo hitzordua, heldu den larunbatean izanen da, Baionako Lauga aretoan arratsaldeko 16:00etan. EH Bai eta EH Bildu bertan izanen gara eta Euskal Herriko jendarte osoari zuzentzen gara gurekin batera parte har dezaten.