EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua eta Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrieta Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresekin bildu dira gaur euskararen ofizialtasunari buruzko elkarrizketa eta negoziazioei jarraipena emateko asmoz.
Bilera giro adeitsu eta eraikitzailean egiten dute, eta bi ordezkaritzek adostu dute prozesu horri lotutako aurrerapen eta urratsak partekatzen jarraitzea euskara Europako Batasunean hizkuntza ofiziala izan dadin lehenbailehen.
Hego eta Ipar Euskal Herriaren artean bizi diren langileen egoera mahai gainean jartzeko eta egunerokoan dituzten arazoak jorratzeko ere baliatu dute gaurko bilkura, Espainiako eta Frantziako Estatuaren arteko ituna eguneratzeko aukera aztertzeaz gain.
Mugako pasabideen itxiera
EH Bilduk kezka helarazi dio Albares ministroari, Frantziako Barne ministroak berriki egindako iragarpenaren harira: mugako pasabideen itxiera beste sei hilabetez luzatzeko eta kontrol polizial arbitrarioak indartzeko asmoa agertu du. Bidasoaren bi aldeetan bizi diren herritarrentzat ondorio lazgarriak izango ditu erabakia horrek, pertsona migranteengan eragin berezia izango duena haien bizitza arriskuan jartzeraino.
Albares ministroak emandako xehetasunen ostean, EH Bilduk bilera sorta bat abiatuko du hurrengo asteetan euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten Euskal Herriko eragile eta elkarte anitzekin. Europako Batasunean euskara ofizial izendatzearen inguruko nondik norakoak lehen eskutik helaraztea eta euskarak gaur-gaurkoz bizi duen egoera aztertzea da hartu-eman horien helburua.