Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituztela 42 eta 37 urte igaro direnean, EH Bilduk haien figurak eta legatu politikoa aldarrikatu ditu, eta biktima guztiak aitortuko dituen eta egia, justizia eta erreparaziorako eskubideak bermatuko dituen memoria inklusiboarekiko konpromisoa berretsi du, Bilboko Errekalde auzoan egindako ekitaldian.
Gorka Elejabarrieta Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak bi figura horien garrantzia eta Euskal Herriko ibilbide politiko eta kolektiboari egindako ekarpena azpimarratu ditu. "Euskal Herriak faxismoaren mehatxuari aurre egiteko beharrezko indarra, kontzientzia eta ausardia badu, Santi Brouard eta Josu Muguruza bezalako figurei esker ere bada. Bere konpromisoa eta ondarea herri honen memoriaren parte dira".
Horren harira, EH Bilduk salatu du oraindik biktima batzuei ukatu egiten zaiela euren eskubideak onartzea eta eskuratzea. "Ukapen horren aurrean, aurrera jarraituko dugu memoria inklusibo baten defentsan, biktima guzti-guztiak aitortuko dituena, baita oraindik eskubidea dutenei egia eta erreparazioa ukatzen zaizkienak ere".
Elejabarrietak azpimarratu du bakean oinarritutako elkarbizitza eraikitzeko enpatia, sentsibilitatea eta erantzukizuna behar direla, eta biktima guztien, sufrimendu guztien eta bizipen guztien errespetuan eta aitortzan oinarritu behar dela. "Euskal gizarteak konpromiso irmoa du memoria inklusiboarekin, biktima guztien eskubideak zainduko dituena, salbuespenik gabe. Eraiki nahi dugun orainaldi eta etorkizun baketsuak ezin du atzean utzi herri honen biktima ahaztuen memoria".
Norabide horretan aurrera egiteko, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du erabaki ausartak hartzea eta urrats berriak ematea, biktima guztien aitortza eta haien eskubideen erabilera eraginkorra bermatu ahal izateko. Bide horretan, Espainiako Estatuaren erantzukizuna ere azpimarratu du. "Espainiako Estatuak errekonozimenduaren eta erreparazioaren bidea egin behar du. Hainbeste urtetan mantendu den inpunitate eta sekretismo mantua altxatzea justizia eta zintzotasun kontua da herri honekiko".
Azkenik, Euskal Herriko eskubide sozial eta nazionalak atzera eginarazi, askatasunak mugatu eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatu nahi dieten diskurtso eta proiektuek dituzten arriskuez ohartarazi du EH Bilduk.
"Santi eta Josu hil zituzten berberek gure herria eta gure gizartea atzerarazi nahi dute gaur. Gure eskubide sozial eta nazionalak erasotu nahi dituzte, gure askatasunak murriztu eta Euskal Herriaren existentzia ukatu, determinazio askearen eta euskal Errepublikaren eraikuntzaren bidean aurrera egitea eragotziz. Baina ez dute lortuko. Herri honek kontzientzia dauka, memoria dauka eta ez da makurtzen faxismoaren mehatxuaren aurrean".