AKTUALITATEA

Nazioartea | 2024-03-29

EH Bilduk Aberri Eguna ospatuko du Iruñean igande honetan. Ezker subiranistak Aberri Eguna ospatzeko antolatutako jai giroko  gune eta ekitaldi ludikoez gain, ekitaldi nagusiak izango dira Golem zinemetatik abiatuko den manifestazioa (eguerdiko 12:00etan) eta, behin manifestazioa amaituta, Antoniutti parkean egingo den ekitaldi politikoa. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hitza hartuko du Antoniuttiko ekitaldi politikoan.

Igandean Aberri Egunean parte hartuko duten milaka lagunekin batera, ERC eta BNG alderdietako ordezkariak izango dira. Atzo, ekainaren 9ko Europako hauteskundeetara aurkeztuko den Orain Errepublikak koalizioa Bartzelonan aurkeztu eta gero, Diana Riba ERCko eurodiputatua eta Ruben Cela BNGko nazioarteko harremanetarako arduraduna eta zuzendaritza politikoko kidea Iruñean izango dira igande honetan.

EH Bilduk dei egiten die euskal herritarrei Iruñeko Aberri Egunean parte hartzera, ezkerreko subiranisten komunitatearen urteroko topagunean. EH Bilduk azpimarratu du Aberri Eguna energia guztia biltzeko eta askatzeko unea izango dela, pertsona berdinak eta askeak izango dituen euskal errepublika eraikitzeko. Iruñean erakutsiko da Euskal Herria herri bizia dela eta bere etorkizuna libreki eta demokratikoki erabaki nahi duela.