EH Bilduk, maiatzean zehar, bilera erronda egin du euskararen normalizazioa ardatz duten Euskal Herriko erakunde nagusiekin, eta azken hilabeteetan landu duen Hizkuntza politika berriaren oinarriak izeneko dokumentuaren lerro nagusiak azaltzeko eta Europan euskararen ofizialtasunak ekarriko lituzkeen aukerez iritzi trukea jasotzeko aukera izan du. Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko burua, Josu Aztiria legebiltzarkidea eta Eneka Maiz Nafarroako parlamentaria Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Kontseilua eta UEMAko ordezkariekin elkartu dira azken asteotan, eta bilera hauetan eragile guztiek nabarmendu dute estrategia berriak martxan jartzeko eta adostasun zabalak lortzeko dagoen beharra eta premia.
Josu Aztiriak azaldu duenez, ezker subiranistak eragileei azaldu die euskararen biziberritzearen inguruan diagnostiko bat adostu berri duela, kanpoko eragileekin bilera ugari egin eta barne lan sakonaren ondorioz. Eta, proposatu nahi dituen eskala handiko zein tokiko proposamenak zabaltzeko, mintegia eta batzarrak antolatuko dituela hurrengo hilabeteetan. Sozializazio aukera ezberdinen bidez, helburua da udazkenera bitarte kontraste lan zabala egitea eta proposamen zehatzak adostea, ondoren dagokion erabaki esparruetara eraman eta aurrera ateratzeko.
Abiapuntu gisa, bilerotan EH Bilduk nabarmendu du bat egiten duela euskalgintza aspaldian egiten ari den aldarriarekin. “Adierazle gehienek salatzen dute hizkuntzaren biziberritzearen prozesua ez dagoela osasuntsu, eta orain arte egin ez den zerbait egiten ez bada, geldialdia atzeraldi bilakatuko dela hurrengo urteetan”, esan du Aztiriak. Hala ere, “astinaldirako baldintzak” badaudela uste du EH Bilduk, “nahiz eta horretarako, lehendabizi, eragile guztiek larritasunaren kontzientzia hartu behar dugun”. Horretarako, inor atzean utziko ez duen hizkuntza politika unibertsala eta kohesionatzailea proposatu nahi du EH Bilduk, euskararen ezagutza eta ulermen unibertsala helburu. “Gutxiengoen hizkuntza eskubideen babesaren ideiatik, hizkuntza nazional egituratzailearen eskemara pasatzea”, azaldu du.
Hau da: euskararen ezagutzaren indizeak goratzeko murgiltze eredua indartu eta helduentzako ikasteko doakotasun unibertsala; tokian tokiko errealitatea kontuan hartuko duen politika publikoa, kalitatezko administrazio elebiduna ardatz; euskararen arnasguneen garrantziaren kontzientzia hartzeko neurriak; hiriguneetara bideratutako berariazko estrategiak; etorri berrientzako harrera estrategia zabal eta malgua; euskal sortzaileen lan baldintzak hobetzeko eta kultur sareak sortzeko politika zehatzak. Dena, zeharlerrotasunez, hizkuntza politika ez dadin bakarrik sail baten ardura izan, eta kontzientzia garbi batetik: euskararena auzi politikoa da.
Bestalde, EH Bilduk uste du Europan euskararen ofizialtasunak zabal ditzakeen bideak sakon aztertu behar direla eta, horretarako, legelari talde batekin aukerak aztertzeko konpromisoa hartu du. “Begi-bistakoenak ez ezik –Europako erakundeetan ordezkari politikoek euskara erabili eta herritarrek harremanak euskaraz edukitzea, edo korpus tekniko eta juridikoa gure hizkuntzan eskuratzea, besteak beste-, uste dugu ofizialtasuna hizkuntzaren prestigioarentzat onuragarria izango dela zalantzarik gabe, eta euskararen lurralde ezberdinetako estatus juridikoan eduki dezakeen eragina ere aztertu beharra dagoela”, esan du Aztiriak.
Amaitzeko, hizkuntza-eskakizunen sistemari segurtasun juridikoa eman eta berdintasunezko aterpe juridiko berri bat eraikitzeko beharra azaldu du EH Bilduk bileretab; horretarako epe motzean Enplegu Publikoaren lege-erreforma ezinbestekoa dela nabarmenduz.
Aztiriak azpimarratu duenez, eragileekin izandako bileretan, alde guztiek nabarmendu dute gogoeta hauek zabaldu eta sozializatu behar direla, eta aurrera begira harreman iraunkorrak eta sendoak edukitzeko konpromisoa hartu dute.