AKTUALITATEA

| 2021-07-15

Finantzen Euskal Kontseiluak gaur arratsaldean berretsi duen Ekarpenen Lege berriari buruzko akordioak ez du EAEko egitura instituzionalean udalek duten garrantzia behar bezala aitortzen eta ez die euren eskumenak betetzeko behar duten finantzazioa nahikotasunez eta modu egonkorrean bermatzen. EH Bilduk adierazi duenez, “horixe zen lege berriaren helburu garrantzitsu bat, baina Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek adostu dutena; alegia, itundutako zergetan udalen portzentajea %37,33tik %39,23ra igotzea, ez da nahikoa herritarrei zerbitzu duin eta kalitatezkoak eskaintzeko gaitasun ekonomikoa ziurtatzeko”.

Koalizioaren iritziz, Lakuak eta aldundiek kozinatutako akordioa motz geratzen da arlo horretan, besteak beste, udalen elkartea (Eudel) legearen negoziazio prozesutik kanpo geratu delako. Negoziazioen gakoetariko bat udal eskumenen finantzazioa izanik, Eudelek protagonismo handiagoa izan beharko zuen prozesuan zehar, areago udalek gero eta eskumen gehiago dituztela kontuan hartuta, baina, horren ordez, Eudelen funtzioa Gobernuaren eta aldundien arteko akordioa ontzat ematera mugatu da.

Halaber, akordioak ez du konpontzen Arabak eta Gipuzkoak historikoki salatu ohi duten Ekarpenen Legearen arazoa, koefiziente horizontalena, Jaurlaritzak eta aldundiek herrialde bakoitzari dagokion portzentajea aldatzeari uko egin diotelako. Zalantzagarria da herrialdeen arteko desorekak konpontzeko sortu zuten Egokitzapen Funtsera bideratzen den bilketaren portzentajea %1etik %1,45era igotzea benetako konponbidea izango ote den.