AKTUALITATEA

| 2023-12-13

Iruñea “elkarbizitzaren hiri” bihurtzeko konpromezua, “hiria hobetzeko eta azken urteetan garatu ez diren proiektuak martxan jartzeko” ardura eta hori bermatzeko “mekanismoak eta tresnak” artikulatzea dira EH Bilduren eta PSNren arteko akordio politikoan. Hauek dira gaur Iruñeko Udalean aurkeztuko diren zentsura-mozioaren hiru ardatzak. Mozio honek, akordioa sinatu duten bi taldeez gain, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen babesa du, eta Joseba Asiron aurkeztu du alkategai (Udaleko 27 zinegotzietatik 16ren babesarekin). Ekimen honen eztabaida eta bozketa datorren abenduaren 28an izango da, 12:00etan.

“Berri ona da Iruñean bizi eta lan egiten duten pertsonentzat, hiriari gizarteak eskatzen duen bultzada aurrerakoia eta plurala emango diolako; eta berri ona da, zeren eta, azkenean, indar aurrerakoiak ados jartzeko gai izan bait gara, ez bakarrik gutxiengoan dagoen gobernu bati oposizioa egiteko, baizik eta gobernu eta norabide alternatibo bat proposatzeko”. Hitz horiekin definitzen zuen Miren Zabaletak, EH Bilduren Nafarroako arduradun politikoak, lortutako akordioaren garrantzia. “Blokeoa eta aldebakartasunaren urteak atzean utzi nahi ditugu. Gure onena emango dugu hiri honetan elkarbizitza, elkar ulertzea eta adostasuna nagusi izan daitezen aurrera egiteko. Zaintzak aurretik jarriko dituen abangoardiako hiria izan dadin lan egingo dugu”, gehitu zuen Joseba Asironek. Bi agintariek agerraldia egin dute, lortutako akordioa eta honen ahalmenak azaltzeko.

 

“Blokeo eta paralisiaren” aurrean, hiria eta aurrekontuak hobetzeko proiektuak

“Akordio politiko hau UPNren Gobernuak Iruñerako suposatzen ari diren blokeoari eta paralisiari buruzko diagnostiko partekatu batetik abiatzen da”, azaldu du Zabaletak. “Bost urte aurrekonturik gabe, gainerako indarrekin adosteko ezintasuna eta Nafarroako Gobernuaren oposizioa Udalaren bitartez”, deskribatzen zuen. “Akordio honek garai berri bat irekitzen du; Iruñearen aldeko hiri akordio bat da hau, eta batzen gaituena bereizten gaituenaren aurrean lehenestearen eta balioan jartzearen alde egiten dugu”, azaldu du.

Oinarri dituen hiru ardatzei dagokienez, arduradunak azpimarratu zuen, lehenik eta behin, “Iruñea memoriaren, justiziaren eta erreparazioaren hiri bihurtzen lagunduko duten ekimenak bultzatzeko konpromezua” hartzen dugula. Iruñeko I. Bizikidetza Plana bultzatzea (Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean) funtsezko zutabeetako bat izango da, “ETAren indarkeriak eragindako biktimak aitortzea, erreparatzea eta ez umiliatzea” eta “motibazio politikoak eragindako biktimentzat”. Euskara “gure hiriko berezko bi hizkuntzetako bat bezala" hartzea da. Horrek esan nahi du "euskara bultzatzeko konpromezua, hizkuntza gutxitua dela kontuan hartuta”. Lehen ardatz honen helburuak honako hauek dira: indarkeria matxistaren aurkako borroka, “Udalaren eta herritarren gune guztien bitartez”, eta “eraso sexistarik edo homofoborik gabeko hiri seguru, justu, baketsu eta inklusibo” baten aldeko apustua.

Bigarren ardatzari dagokionez, Zabaletak azaldu zuenez, “hiria hobetzeko lehentasun batzuk hitzartu dira, besteak beste, etxebizitza soziala, Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioa, Pio XII.aren korridore iraunkorra osatzea edo Erripagañaren behin betiko konponbidea”.

Azkenik, hirugarren ardatzak, beste biak posible egiteko mekanismoei buruzkoak dira: “Iruñeak ahalik eta lasterren 2024rako Aurrekontuak izan ditzan lan egiteko” konpromezua litzateke. Gainera, aitortzen da prest dagoela “Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritzeko” eta Jarraipen Batzorde bat sortuko dela hura betetzeko hartutako konpromezuen gainean.

Bihartik aurrera, gobernu akordio baterako bilera-sorta

Bestalde, Joseba Asironek “hiri bezala ditugun erronka garrantzitsuenak lortzeko baliabide erabilgarri guztiak” mobilizatzeko ardura eta konpromezua hartu zuen. “Oposizio-urte hauetan zabaldutako energia eta lan guztia bultzada bihurtuko ditugu, proiektuak, ideiak eta zerbitzuen hobekuntzak sortzeko”, gaineratzen zuen. Hori bai, nabarmendu zuen “indar politiko aurrerakoi guztien eta hala uste duten herritarren eskutik egingo dugu, izan ere, nire ustez, akordioak zenbat eta zabalagoak izan, orduan eta onuragarriagoak eta eraginkorragoak izango dira hiri osoarentzat”.

Asironek, horrela, martxan jarri beharreko lehen proiektuetako batzuk azaldu zituen: “Etxebizitzaren Gizarte Plana, Nafar-Gobernuarekin lankidetzan; Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioa, anbizioz eta ahalik eta adostasun handienarekin; Los Caídos eta honen esku-hartzea, herritarren parte-hartzearekin eta memoria demokratikoaren ikuspegitik; San Jorge-Sanduzelaiko biribilgunearen ideia-lehiaketa garatzea; Pio XII.eko korridore iraunkorra osatzea eta Zangotza kaleko aparkaleku-proiektua behin betiko gelditzea”. Gainerako udalekin eta Foru Gobernuarekin adostutako ibilbide-orri bat, Erripagañari zerbitzuak eta dotazioak emateko, eta, aldi berean, etorkizuna zehazteko, eta Iruñean 0-3 urte bitarteko plazen eskaintza handitzeko, “berdintasun- eta ekitate-irizpideak kontuan hartuta”, lehentasun horien parte dira.

Agerraldiari amaiera emateko, Asironek adierazi du bihartik aurrera “bloke progresistako indar politikoekin bilera-sorta bat hasiko dudala, handienetik txikienera, gobernu egonkor eta partekatu bat eta legegintzaldiaren ardatz izango den akordio programatiko bat osatzeko helburuarekin”.