AKTUALITATEA

| 2019-12-02

EH Bilduk saharar herriarekiko elkartasuna ekiditzeko PSOEk egikaritutako Marokoren maniobra salatu nahi du, eta modu berean euskal ordezkaritza bat lurralde okupatuetarik kanporatu izana ere salatzen du.

Alde batetik, gizarte zibilaren eta Mendebaldeko Sahararen aldeko erakunde politikoen artean beldurra sortu nahi du Marokok Espainiako Gobernuaren laguntzarekin. EUCOCOk izandako arrakastaren ondoren, Tifaritin, Fronte Polisarioaren Kongresuan, parte hartzearen arrakasta errepikatzea galarazi nahi du Marokok.

Bestalde, Saharako herriak lurralde okupatuetan bizi duen egoera bertatik bertara ezagutu nahi zuen ordezkaritza instituzional baten kanporatzea errepikatu da; Josu Estarrona gure kidea delegazio horren parte zelarik. Argi dago Marokok ez duela errealitate hori ezagutzerik nahi eta saharar biztanleek jasaten duten informazio-blokeoan jarraitzen duela.

Azkenik, SEADen autodeterminazio eta independentzia eskubidearen, saharar preso politikoen askatasunaren, Marokoren eta EBren arteko arrantza-akordioen bukaeraren defentsan eta saharar herriaren bidezko eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren ekintza guztiak babesten jarraitzeko, EH Bilduk Tifaritin parte hartuko duela iragarri nahi du, saharar herriaren ordezkari zilegiak bere Kongresuan lagunduz.