AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2026-11-16

EH Bilduk hainbat proposamen jasotzen ditu Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetarako osatu duen programan. Herritarren bizi-baldintzak hobetzea, zerbitzu publikoak indartzea eta Euskal Herriaren erabakitzeko gaitasuna zabaltzea helburu ditu ezker subiranistaren hauteskunde programak. Etxebizitza, enplegua, pentsioak, trantsizio ekosoziala eta euskal nazioaren aitortza ditu lehentasunen artean.

Etxebizitzaren arloan, EH Bilduk esku-hartze publikoa indartzea proposatzen du, etxebizitza eskuragarriak bermatzeko eta espekulazioari aurre egiteko. Besteak beste, alokairu kontratuak automatikoki luzatzea, bizitoki alternatibarik ez duten pertsona zaurgarrien etxegabetzeak debekatzea, alokairuen igoerak mugatzea eta etxebizitzen erosketa espekulatiboari muga berriak jartzea planteatzen du. Era berean, legez kanpoko erabilera turistikoa duten etxebizitzen aurka jardutea eta higiezinen inbertsio sozietateen zerga abantailak ezabatzea proposatzen du.

Lan arloan, lanaldia astean 32 ordura edo lau egunera murriztea defendatzen du, soldatarik jaitsi gabe. Enpresa txikiek neurri horretara egokitzeko aukera izan dezaten, aplikazio mailakatua proposatzen du: lehenik, 35 ordura murriztea, eta gehienez hiru urteko epean helburura iristea. Programak, halaber, jasotzen ditu Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora egokitutako gutxieneko soldata sortzea, bidegabeko kaleratzeengatiko kalte ordaina lanean emandako urte bakoitzeko gutxienez 45 egunera itzultzea eta prekarietateari zein aparteko orduen abusuzko erabilerari aurre egiteko neurriak.

Pentsioak ere lehentasunezko ardatzetako bat dira. EH Bilduk gutxieneko pentsioak Langilearteko Gutxieneko Soldataren parean jartzea eta alargun pentsioak zein kotizazio gabeko pentsioak gutxienez % 15 handitzea proposatzen du. Halaber, KPIaren araberako urteko eguneratzea bermatzea, sistema publikoaren izaera blindatzea eta gutxienez 40 urtez kotizatu duten pertsonei pentsioa zigorrik gabe aitortzeko prozesua amaitzea defendatzen du.

Gizarte babes handiagoa eta prezioen kontrola

Zerbitzu publikoak eta babes sozialeko ezkutua indartzea proposatzen du programak, baita prezioen igoeren aurrean esku hartzeko gaitasun publikoa hobetzea ere. Ildo horretan, krisi egoeretan edo kostuen aparteko igoerak gertatzen direnean, energia eta elikadura sektoreetako enpresa handien marjinak mugatzeko ezohiko mekanismoak planteatzen ditu

Politika fiskalari dagokionez, EH Bilduk enpresa handien, bankuen eta fortuna handien ekarpena handitzea defendatzen du; energia enpresen gaineko zerga berreskuratzea ere bai, baita ere enpresen zenbait mozkin eta iraupen laburreko turismo ostatuen gaineko zerga figura berriak ezartzea.

Berdintasuna, zaintza eta kolektibo zaurgarrien babesa ere zeharkako ardatzak dira ezker subiranistaren proposamenetan. Programak indarkeria matxistaren eta diskriminazio mota guztien aurkako neurriak, LGTBIQ+ pertsonen eskubideen defentsa, kontziliazio politikak indartzea eta giza eskubideetan oinarritutako migrazio politika jasotzen ditu. Era berean, adimen artifizial etikoa, gardena eta kontrol demokratikoaren menpekoa sustatzea proposatzen du.

Trantsizio ekologikoa eta garapen ekonomikoa

Ekonomiaren eta ingurumenaren arloan, EH Bilduk deskarbonizazioa bizkortzea proposatzen du, gutxienez 2045erako gauzatzeko helburuarekin; erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea eta energia berriztagarriak sustatzea ere proposatzen du, parte-hartze publiko eta komunitarioaren bidez.

Industria eta ekoizpen gaitasun propioak indartzea, lehen sektorea eta landa eremua bultzatzea, elikadura burujabetza sustatzea, garraio publikoa hobetzea eta eraikinen birgaitze energetikoa dira programaren beste lehentasun batzuk. Helburua eredu ekonomiko jasangarriago baterantz aurrera egitea da, autonomia energetiko handiagoarekin eta lurraldeko baliabideen gaineko erabakitzeko gaitasunarekin.

Nazio aitortza eta erabakitzeko gaitasun handiagoa

Euskal Herriaren nazio aitortza eta autogobernuaren zabalkuntza dira programaren beste ardatz nagusietako batzuk. EH Bilduk Estatuaren izaera plurinazionala aitortzea eta Euskal Herriak bere etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzen ditu.

Eskumenei dagokienez, Gernikako Estatutuaren eta Nafarroako Foru Amejoramenduaren bidez aurreikusitako transferentzia guztiak gauzatzea proposatzen du, baita migrazioaren, Gizarte Segurantzaren, babes sozialaren, langabeziaren, energiaren eta lan-harremanen arloetan eskumen berriak eskuratzea ere.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa defendatzen ditu, autogobernu fiskal eta finantzarioaren funtsezko tresna gisa. Hizkuntza politikari dagokionez, Estatuko administrazio guztietan euskara erabiltzeko eskubidea bermatzea eta eremu digitalean zein ikus-entzunezkoetan duen presentzia indartzea proposatzen du. Programak, era berean, euskarazko kultur ekoizpena sustatzeko neurriak eta euskal selekzioek nazioartean lehiatu ahal izateko legedia aldatzea ere jasotzen du.

Memoria, bizikidetza eta nazioarteko politika

Azken ardatzak bake eta bizikidetza politikak, memoria demokratikoa eta nazioarteko harremanak lantzen ditu. EH Bilduk biktimen aitortzan eta erreparazioan aurrera egitea defendatzen du, baita Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea ere.

Atzerri politikaren arloan, NATOren eta gastu militarraren igoeraren aurkako jarrera jasotzen du programak, baita desarme nuklearraren eta nazioarteko zuzenbidearen defentsa ere. Palestinako eta Saharako herrien autodeterminazio eskubidearen alde egiten du, eta Kubaren aurkako blokeoa amaitzea eskatzen du.

Hauteskunde programa