EH Bilduk pentsiodunen eskubideen defentsarekin duen konpromisoa berretsi du gaur Donostian egindako agerraldian. Oihana Etxebarrieta Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburuak eta Mikel de la Fuente Bizkaiko Kongresurako hautagaiak pentsioen arloko proposamenak azaldu dituzte.
Oihana Etxebarrietak azpimarratu du adinekoen eskubideen defentsa lehentasunezkoa dela EH Bildurentzat, baita Madrilen ere: "Gure adinekoen eskubideak defendatzea lehentasuna da eta izango da EH Bildurentzat, baita Madrilen ere. Azken urteetako lanarekin jarraituko dugu. Izan ere, gutxieneko pentsioak, alargunen pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak handitzea lortu dugu".
Ildo horretan, EH Bilduk pentsioen izaera publikoa blindatzeko eta pentsiodunen bizi baldintzak hobetzeko lanean jarraituko duela adierazi du. Hala, gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren pare jartzea eta pentsio baxuenak gutxienez %15 igotzea proposatuko du alderdiak. Neurri horrek eragin zuzena izango luke, besteak beste, alargunen eta kotizazio gabeko pentsioen hartzaileengan, horietako asko emakumeak baitira.
"Horrez gain, pentsioen arloan ere tresna propio guztiak izateko lan egingo dugu, ahalik eta politika publiko onenak egiteko", gaineratu du Etxebarrietak. Bere esanetan, azken urteetako lanak erakutsi du EH Bilduk hitza eta gaitasuna dituela pentsiodunen eskubideetan aurrera egiteko: "Gure jubilatuentzako konkista berrien bermea gara. Horregatik, azaroaren 29an are indar gehiago behar dugu, behingoz, guztiontzako pentsioak eta bizitza duinak lortzeko".
Bestalde, Mikel de la Fuentek ohartarazi du pentsio publikoen etorkizuna arriskuan jar dezaketen planteamenduen aurrean gaudela. "Beste behin ere, gure pentsioak murriztu eta pribatizatzeko mehatxuen aurrean gaude. Eskuinen asmoa da erretiro adina handitzea, diru zenbatekoak murriztea eta sistema pribatu batera bultzatzea", adierazi du.
De la Fuenteren hitzetan, pentsio sistema pribatu baterantz egindako urratsek arrakala sozialak areagotu ditzakete: "Modu horretara, horretarako ahalmen ekonomikoa duenak bakarrik izango du pentsio bat jasotzeko eskubidea. Baina ez dugu onartuko, jubilatuok bizitza duina mantendu ahal izateko konkistatutako eskubidea direlako pentsioak".
Era berean, EH Bilduk Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak urteetan kalean egindako lana eta borroka aitortu ditu. De la Fuentek mugimenduaren mobilizazioek pentsioen hobekuntzan izan duten garrantzia nabarmendu du: "Haien indarrik gabe ezinezkoa izango zelako KPIaren araberako errebalorizazioan edo zenbatekoen igoeran aurrera egitea".
Azkenik, EH Bilduk pentsiodunen aldarrikapenak gauzatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, pentsio publikoen defentsa eta hobekuntza ardatz hartuta. "Aurrera egin dugu, bai, baina gehiago behar da. Hori da EH Bilduren konpromisoa: murrizketen eta pribatizazioen aurrean harresi bat izatea eta guztion pentsioak hobetzen jarraitzeko bermea", amaitu du Mikel de la Fuentek.
Agerraldiaren ondoren, Etxebarrietak eta de la Fuentek Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak astelehenero Donostian egiten duen mobilizazioarekin bat egin dute.