AKTUALITATEA

| 2020-07-07

EH Bilduk Euskal Herrian pandemia hasi zen lekura eraman du gaur hauteskunde-kanpaina, Gasteizko Txagorritxu Ospitalera, alegia. Bizkaiko zerrendaburu Jasone Agirrek koronabirusa ez dela desagertu gogorarazi eta kontu handiz ibiltzeko deia egin du, Lleidan eta Galizan bezala, hemen ere konfinamendura itzultzeko arriskua dagoelako. Horren ildotik, kezkatuta agertu da Ordiziako fokuarekin, horren hedapen zehatza oraindik argitu ez delako. “Gobernuak lehentasuna eman behar dio osasun publikoari beste ezeren aurretik, eta espero dugu Gobernuak osasun publikoa lehenestea eta uztailaren 13ra arte ez itxarotea neurriak hartzeko”.

Osasun krisialdian zehar ikusitako hainbat irudi gogora ekarri ditu Agirrek, hala hola “euren buruak babesteko zabor-poltsak erabili behar izan zituzten osasun-langileak eta mediku eta erizain nekatuak eta estresatuak, onena ematen gu salbatzeko”. Horrek, esan du, Urkulluren autokritika eskatzen zuen ezinbestean, baina “ez dugu horrelakorik ikusi; hori da ikusi ez duguna, Urkullu jauna autokritika egiten”.

Rebeka Ubera: “Osasun publikoan inbertitzeko unea da”

Agirrerekin batera, Rebeka Ubera legebiltzarkide eta Gipuzkoako zerrendakideak Jaurlaritzak azken urteotan osasun sistema publikoan eginiko murrizketak kritikatu ditu, sindikatu guztiek ere bat eginda salatu dituztenak. Azaldu duenez, Urkullu Lehendakaritzan dagoenetik osasun arloko inbertsio publikoa BPGren %5,12tik %4,78ra jaitsi da eta horrek bistakoak diren ondorioak izan ditu eta zaildu egin du pandemiari behar bezala aurre egitea. Gainera, ohartarazi du Uberak, EAJ eta PSEk murrizketa gehiago egingo dituzte Osakidetzan, Lakuan jarraituz gero. “Urkullu-Mendia koalizioa murrizketa gehiagoren bermea da; EH Bildu da osasun arloan murrizketarik egongo ez den berme bakarra, Osakidetzan guraizea sartuko ez den bermea, osasun publikoan inbertitzeko unea baita”.

Zentzu horretan, osasun publikoaren aldeko EH Bilduren konpromisoa berretsi du Gipuzkoako hautagaiak. “Osakidetza indartzeko unea da, giza baliabideez eta baliabide materialez hornitzeko unea, bertako langileak eskatzen ari diren moduan”. Hala, Uberak neurri zehatzak agindu ditu “Osakidetza izan zena berriro izan dadin”: 7.000 lanpostu egonkortzea prekarietateari amaiera emateko eta 300 profesional gehiago kontratatzea Lehen Arreta indartzeko, besteak beste. Izan ere, EH Bilduk “osasun sistema publikoa eta punta-puntakoa” nahi du, eta, horretarako, “arratsaldeko zortzietako txaloak giza baliabide eta baliabide material bihurtu behar dira orain”.