Azken urteetan egin ohi duen bezala, EH Bilduk mobilizazio nazionala egigo du udazkenean. Aurtengoa ere Bilbon izango da, azaroaren 23an, eta ‘Nazioa Gara’ lelopean egingo da. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak iragarri du mobilizazioa, Donostian egindako agerraldian.
Koordinatzaile nagusiaren esanetan, «espainiar eta frantziar estatuetan, eskuin muturrari eta autoritarismoari aurre egiteaz gain, demokratizaziorako agenda bat martxan jarri behar da eta horretan funtsezkoa da nazioen aitortza». Hori dela eta, Otegik, euskal herritarrak Bilboko kaleak betetzera dei egin ditu. «Euskal Herria nazio bat da, eskubideak dituena, eta orain dugu aukera, akordio zabalekin eta herri mobilizazioaren bitartez, nazio hau aitortuko duen estatus politiko berri bat lortzekoa», adierazi du. Akordio sozial eta politiko zabal horiek, abertzaleen arteko gutxieneko amankomunak bilatzetik etorri behar du Otegiren ustetan, eta horregatik, indar abertzaleen artean gutxienekoei buruzko akordio bat lortzen saiatzeko gonbita egiten du. «EAJk ere estatus berri bati buruz hitz egiten du, eta horretan erabat ados gaude: Euskal Herriak estatus berri bat behar du, Estatuarekiko harreman eredua aldatuko duena».