AKTUALITATEA

| 2025-09-04

EH Bilduk eta Sumar Mugimenduak bilera egin dute goizean Bilboko gure egoitzan. Bilera honetan EH Bilduren izenean Arnaldo Otegi idazkari nagusiak, Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetako idazkariak eta Senatuko bozeramaileak, eta Sonia Jacinto Antolakuntza idazkariak parte hartu dute. Sumar Mugimenduaren izenean, Lara Hernández Koordinatzaile Nagusiak, Laura Moreno Antolakuntza eta Herri Proiektuaren idazkariak hartu dute parte eta Lander Martinez Modernizazio eta Erronka Teknologikoetarako idazkaria.

Bilera giro eraikitzailean garatu da, eta aukera izan dugu Estatu espainiarrean bizi den ezegonkortasun politikoaren egoerari eta mundu mailako testuinguru nahasiari buruzko irakurketa bateratua partekatzeko. Testuinguru honetan, bat gatoz indar aurrerakoi eta eraldatzaileen arteko lankidetza sendotzearen beharrarekin.

EH Bildutik eta Sumar Mugimendutik, gizarte berdinzaleago, justuago eta duinago baten eraikuntzarekiko gure konpromiso irmoa berretsi dugu.  Ados gaude politika publikoak sendotzen jarraitzeko eta eskubide sozialen eta nazionalen zabalkundean aurrera egiteko beharrarekin.

Jakitun gara gaur egungo panorama politikoa ez dela guk bizi nahi genukeena, baina prest gaude zabaltzen ari den olatu erreakzionarioari aurre egiteko. Ezberdinen arteko lankidetza, plurinazionalitatearen aitortzan aurrera urratsak eta langile eta herri klaseentzako politikak dira jarraitu beharreko bidea.