AKTUALITATEA

| 2024-09-12

Kurtso politiko berriaren hasieran EH Bilduk eta EH Baik egiten dugun irakurketa partekatua:

«Prentsaurreko honen bidez, EH Bilduk eta EH Baik ikasturte politiko berriari buruzko irakurketa partekatuaren berri eman nahi dugu. Izan ere, oroitu nahi dugu, lurralde zatiketaren ondorioz, Euskal Herrian errealitate administratibo ezberdinak bizi ditugun arren, nazio bat garela eta nazio gisa erronka komunak ditugula. Gure mugimendu politikoen arteko lankidetzak ildo hori elikatzen du, Euskal Herriaren aitortza, burujabetza osoa eta lurralde batasunerako helburuetarantz doana, hain zuzen.

Ikasturte berri honen abiapuntuan, garrantzitsua da oroitaraztea Euskal Herrian iragan diren hauteskunde ezberdinetan ezkerreko independentismoak inoizko emaitzarik onenak lortu dituela Euskal Herriko luze zabalean. Zazpi herrialdeak kontuan hartuz lehen indar politikoa gara. Eta guretzat garrantzitsuena dena: euskal herritarren gero eta sustengu zabalagoa jasotzen du gure herriarentzat dugun proiektu politikoak.

Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetan inoizko ordezkaritzarik handiena dugu; udaletxe edo herriko etxe mailan bezala, ehunka alkate eta hautetsirekin, tartean Iruñeko alkatetzarekin; Madrilen paper erabakigarria jokatzen dugu, eta historikoa dena, lehen aldikoz, Parisen diputatu bat izanen dugu ezkerreko independentistok joan diren uztaileko hauteskundeetan egin aliantzen ondotik; azkenik, Euskal Herri osoaren interesak Europan defendatzeko parlamentari bat atera dugu Bruselarako.

Errealitate hau arduraz hartzen dugu eta aukera gisa baliatuko dugu Euskal Herriaren burujabetza eta eraldaketa sozialaren aldeko prozesuan urrats berriak egiteko. Gu Euskal Herriaren eta interes orokorraren alde lan egiteko gaude instituzioetan, ez interes pertsonalak asebetetzeko.
Aldiz, jakin badakigu testuinguru konplexu batean garela. Mundu mailan kapitalismoak sortu duen krisi sakonaren eraginpean, populismoaren eta eskuin muturraren hazkundea elementu oso kezkagarria dela deritzogu. Europako herrialde askotan, frantses zein espainiar estatuetan eta beste hein batean Euskal Herrian izan duen gorakadaz ohartarazi nahi dugu. Euskal Herrian, hego zein iparrean, ezkerreko independentiston hautuek eskuin muturraren bilakaerari harresia jarri diote. Uste dugu erantzukizunez jokatu dugula. Argi izan behar da eskuin muturreko ideiek eta gobernuek, nazio zein jendarte ikuspegitik atzerapauso nabarmenak ekarriko dituztela. Horregatik, ondoko hilabeteetan ere agenda erreakzionarioei bidea ixteko prest izanen gara.

Inoiz baino gehiago, nazio proiektua, eraldaketa soziala eta gure komunitatearen egituraketa indartzeko garaia da. Horretarako, beharrezkoa da maila politikoan eta instituzionalean egiten den lana, baina hori bezain garrantzitsutzat jotzen dugu mobilizazio eta bultzada sozial zabala biderkatzea. EH Bildu eta EH Bairentzat gure naziotasunaren aldarrikapena lau haizetara zabaltzea lehentasunezkoa izanen da ondoko hilabeteetan. Eta uste dugu herri gisa egin behar dugula, ahalik eta indar gehienak metatuz eta herritarrak aktibatuz bide horretan.

Izan ere, Euskal Herri osoan indarrean diren estatus politikoak aldatzeko aukera errealak ditugu, hiru eremu administratiboetan eztabaida irekia delako eta badagoelako burujabetza eta erabaki ahalmen handiagoa izatea aldarrikatzen duen gehiengo bat.

2017an Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera izan da azken 45 urtetan Euskal Herrian izan den aldaketa instituzional bakarra. Garrantzitsua izan da, lehen aldikoz Ipar Euskal Herria gure mapa instituzionalean aitortzea suposatu duelako. Aldiz, hiru eremu administratiboetan indarrean diren estatus politikoek ez dituzte gure nazioa eta euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea aitortzen eta beren ezintasuna erakutsi dute Euskal Herriak dituen desafioei erantzun eraginkorrak emateko.

EH Bilduk eta EH Baik herri gisa jokatzeko deia luzatu nahi dugu. Ondoko hilabeteetan, akordio zabalak eraiki behar direlakoan gaude, alderdi politikoen artean eta baita jendarte zibileko eragileekin ere. Gehiengo sozial eta politikoak artikulatu behar ditugu, herri gisa Madril eta Parisen aurrean gure adostasunak defendatzeko.

Azkenik, erronka horiei begira, gure mugimenduen lehen hitzordu nagusien berri emanen dizuegu:

• Irailaren 21ean EH Bilduren Konferentzia politikoa Donostian, Kongresu prozesuari hasiera emateko.
• Azaroaren 23an EH Bairen Biltzar Nagusia, estatus politikoaren proposamena eta programa politikoa onartzeko».