AKTUALITATEA

| 2025-09-04

Gaur arratsaldean EH Bilduk eta Catalunya en Comú – Comunsek lan-bilera bateratua egiteko aukera izan dugu. Bertan parte hartu dute Arnaldo Otegi, EH Bilduko idazkari nagusiak; Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetako idazkariak eta Senatuko bozeramaileak eta Sonia Jacinto, Antolakuntzako idazkariak. Catalunya en Comú - Comuns-en partetik Gemma Tarafa eta Candela Lopez Koordinatzaile Nazionalek eta Gerardo Pisarello bozeramaile, exekutibako kide eta Kongresuko diputatuak parte hartu dute. Bilera EH Bilduren Bilboko egoitzan egin da da.

Bi alderdiok bat egiten dugu espainiar Estatuaren eta estatuko nazioen egoera soilik indar aurrerakoiei esker hobetuko denaren ideiarekin. Azken urteetako ezegonkortasun politikoaren aurrean, estatu plurinazionalaren aitortzan urratsak ematea, politika publikoak sendotzea eta eskubide sozial eta nazionalak zabaltzea gure lehentasun nagusienetakoak izaten jarraitzen dute.

Olatu erreakzionarioa gure artean dugun honetan jakitun gara honek dakartzan arriskuez. Hala ere, errealitate honek sortu dituen erronkak argi ditugu eta EH Bilduk zein Catalunya en Comú – Comunsek erronka horiei aurre egiteko konpromisoa berretsi dugu.

Ezberdinen arteko elkarrizketa sendotzearen eta etorriko den egoera politikoari erantzutearen aldeko apustua egiten dugu. Ezkerretik eta eraldaketaren bitartez soilik eraikiko dugu gizarte justuago bat.