AKTUALITATEA

| 2021-09-23

Gaur Radio Euskadin egindako elkarrizketan, aktualitateko hainbat gai jorratu ditu Arnaldo Otegi EH Bilduko Koordinatzaile Nagusiak. Hona hemen laburpena:

Aurrekontuak
Orain dela urtebete, bagenuen gure baiezko bozka adostuta, militantziaren onarpena baina ez zen falta. Gaur egun, ez gaude puntu horretan, baina ikusiko dugu zer garapen duten negoziaketek. Titularra, oraingoz, titularrik ez dagoela da.

Bolañosekin egindako bilera
Lehen hurbilpen formala izan da. Lanean jarraituko dugu euskaldunen eta euskal langileriaren interesen mesedetan eta gure proposamena, dudarik gabe, horren araberakoa izango da. Guk ez dugu marra gorririk jartzen publikoki, ez garelako alderdi konbentzional bat, guk esandakoa betetzen dugu beti.

Ikus-entzunezkoen legea
Lege hori ez da aurrera aterako. Ez du inolako zentzurik, are gutxiago Kataluniako elkarrizketa mahaiarekin. Arazoa jada ez da Espainiako estatua estatu plurinazionala dela errekonozitzen ez denik, lege horrekin ez da estatu eleaniztun bat dela ere onartzen. Hori, horrela, ez da onartuko.

Zergatik ez dira ematen akordioak EAEn?
Lehendakariak ez duelako nahi. Eta mezu bat bidali nahi du: gurekin ezin dela. Baina ez da egia. Estatusean akordio batera heldu gara, hezkuntzan ere helduko gara. Orduan, beste toki batzuetan akordioetara heldu ahal bagara, norena da arazoa? Bada lehendakariarena, ez duelako gurekin ezer adostu nahi, eta minimoetara heltzen ez diren baldintzak ezartzen dizkigu.

Hezkuntza
Lan egin behar da baina badago hezkuntza akordio handi batera heltzeko orube partekatu bat. Estatu serioek estatu mailako akordioak dituzte. Eta espainiako estatuan argi geratzen da errealitate hau: ezin dugu hezkuntza baliabide elektoral bezala ulertu. Eta gobernuko alderdia aldatzen denean, hezkuntza sistema osoa aldatzea. Hori ezin liteke horrela izan, ez da beste inon gertatzen Europan. Orduan guk akordio bat egin dezakegu EAEn, kolapsotik gatoz, erronka handiak ditugu mende honetan hezkuntza sisteman aldaketak eskatzen dizkigutenak. Eta ez da legerik egongo EH Bildu gabe. Beraz herrialdeari poztasun hori ematea espero dugu. Hala ere lehendakariak Hezkuntza legea urtebete aurreratzeko egindako jakinarazpena presazkoa iruditzen zaigu. Akordio hau gauza oso serio bat da eta sindikatuen, hezkuntza komunitatearen... babesa behar du. Dena dela, badugu oinarri komun batzuk adosteko aukera, Islandiara begira jarri gaitzaketenak.

Eredu kontzertatua eta hizkuntza ereduak
Posizio desberdinak daude baina akordioetara heldu daiteke. Zer esaten du estatutuak? Derrigorrezko hezkuntzatik ateratzen diren ikasle guztiek bi hizkuntzetan moldatzeko gai izan behar dira. Hau askatasun eta elkarbizitza demokratiko kontu bat da. Eta gero bakoitzak erabakiko du zelan bizi nahi duen, baina helburu hori bete behar da, eta gaur egun ez da horrela.

Harremana EAJrekin: polimaitasuna
EAJk harremanen inguruko ikuspuntu oso matxista bat du. Haien ustez, haiekin bazaude, ezin zara beste inorekin egon, eta hori ez da horrela. Esklusibotasuna eskatzen dizute zuri, baina haiek, mundu guztiarekin daude.