Albisteak

EH Bilduk eskatuta, Urkulluk pandemiari aurre egiteko kudeaketa azaldu beharko du Diputazio Iraunkorrean


Maddalen Iriarteren iritziz, “lehendakariaren agerraldiak auzolana sustatzeko balio behar du, hots, Jaurlaritzak hartutako neurriak kontrastatu, bestelako proposamenak mahai gainean jarri eta aurrerantzean eman beharreko urratsak denon artean adosteko”.

EH Bildu | 2020-03-24 14:27:00

Iñigo Urkullu lehendakaria Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean agertuko da azkenean Jaurlaritza osasun-larrialdi honetan egiten ari den kudeaketa azaltzeko. Hala erabaki du gaur Legebiltzarreko Mahaiak, EH Bilduren eskaria aintzat hartuta. Maddalen Iriartek azpimarratu duenez, “Urkulluren agerraldiak auzolana sustatzeko balio behar du, une honetan elkarlanean aritzea, hautua baino, obligazioa delako guztiontzat. Horretarako baliatu nahi dugu agerraldia, Jaurlaritzak hartu dituen neurriak kontrastatzeko, bestelako neurriak eta proposamenak mahai gainean jartzeko eta krisi hau gainditzeko aurrerantzean eman beharreko urratsak denon artean eztabaidatzeko eta adosteko”.

Horri jarraituz, Iriartek gogora ekarri du EH Bilduk proposamen sorta egin zuela duela astebete, koronabirusaren hedapena gelditzea, sektore ahulenak eta osasun sistema babestea eta pandemiaren ondorioei eraginkortasunez aurre egitea helburu. Hala, proposatu zuen erabateko konfinamendua eta funtsezkoa ez den jarduera ekonomiko hori gelditzea, kalteberatasun egoeran dauden familiei 150 euroko aparteko laguntza ematea, arnas infekzioaren sintomak dituzten pertsona guztiei testak egitea eta adinekoentzako egoitza-zentroetan arreta zuzeneko langileen kopurua berehala handitzea, besteak beste.

EH Bilduko bozeramailearen iritziz, “salbuespen egoera honetan premiazkoa da lehendakariak Legebiltzarrean azaltzea Jaurlaritza pandemiaren eta bere ondorioen kontra hartzen ari den neurriak, zein diren bere planak eta aurreikuspenak eta, baita ere, zein diren presidente espainolak deklaratutako alarma-egoerak EAEn (Osakidetzan eta Ertzaintzan nagusiki) izan edo izango dituen ondorio zuzenak”.

Zerbitzu juridikoen txostena

Lehendakariaren agerraldiaz gain, Mahaiak EH Bilduren beste eskaera bat onartu eta Legebiltzarreko zerbitzuei txosten juridikoa egiteko agindu die azter dezaten zein den formula legal egokiena Parlamentuak, Diputazio Iraunkorraren bitartez, bere funtzio guztiak berreskuratzeko hauteskundeak egin bitartean. Horren harira, Maddalen Iriartek berretsi du “ezinbestekoa dela Diputazio Iraunkorrak Legebiltzarrari dagozkion funtzio guztiak bere gain hartzea, pandemiari aurre egiteko neurrien gaineko jarraipena egiteko, osasun-larrialdia gainditzeko beharrezkoak izan daitezkeen bestelako neurriak proposatzeko eta Gobernuaren erabaki guztien gaineko kontrola modu efektiboan egiteko. Diputazio Iraunkorrak osoko bilkurak bezala funtzionatu behar du, inork ez dakielako noiz arte luzatuko den muturreko egoera hau eta Legebiltzarra ezin delako desagerturik egon; sekulako arduragabekeria litzateke”.