AKTUALITATEA

Nazioartea | 2024-04-03

EH Bilduk hauteskunde kanpainaurrea eta erregenarazioaren eta ziklo politiko aldaketaren mezua eramango dio bihartik aurrera Argentinako eta Uruguaiko euskal komunitateari. Diasporako idazkari Jasone Agirrek eta Gipuzkoako hautagai Olaia Matxainek Montevideo, Buenos Aires, La Plata eta Rosario bisitatuko dituzte datozen bi asteetan eta, han bizi diren euskal herritarrekiko harremanean sakonduz, hainbat bilera eta ekitalditan parte hartuko dute, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi den une politiko garrantzitsua transmititzeko. Agirrek azaldu duenez, «oso garrantzitsua da Diaspora ere Euskal Herriko zati honek behar duen aldaketa politikoaren eta erregenerazio politikoaren parte izatea eta hango euskal herritarrak euren botoekin prozesu honetan inplikatzea». Helburu horrekin ere, hil honen 16tik 18ra, CERA atzerriko botoa emateko azken egunera arte, alegia, Agirre eta Matxain apoderatu gisa arituko dira Buenos Aires eta Montevideoko kontsulatuetan bozkatzeko tramiteak errazteko.
 


Jasone Agirrek garrantzi berezia ematen dio Diasporarekiko harremana indartzeari eta bera ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zabaltzen ari den ziklo politiko berrian inplikatzeari, hilaren 21eko hauteskundeei begira. «Hauteskunde hauetan aukera bat dugu aldaketa horretan sakontzeko eta jauzi bat emateko arlo nazionalean, ekonomikoan eta sozialean, eta horretarako euskal herritar guztien iritzia eta indarra behar dugu, han eta hemen bizi garenona, guztiona, herri bezala bozkatuz, hauteskunde hauetan guztion ahotsa entzun behar dugulako, gaur erabakiko duguna biharko etorkizuna izango delako, denon etorkizuna».

Izan ere, trantsizio eta erronka erraldoien garai honetan, «Euskal Herriak ezintasunak ditu herri bezala kokatzeko eta, horregatik, erabaki batzuek ezin dute gehiago itxaron; ziklo berri bat zabaldu behar da, eta urratsak eman behar ditugu gure burujabetzan eta berdintasuna helburu izango duten politika sozialetan». Horrek, baina, «lidergo eta konponbide berriak eskatzen ditu», ohartarazi du Agirrek. «Epe laburreko politika alderdikoiak alde batera utzi eta lankidetzan eta elkarren interesean oinarritutako politika egin behar da, erabakiak herri bezala hartzeko».