AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-12-06

Gaur, Espainiako Konstituzioaren egunean, euskal herritarrek ospatzeko arrazoirik ez duten egunean, EH Bilduk bere eguneroko lanarekin jarraitu du. Unai Urruzuno EH Bilduko Mahai Politikoko bozeramaileak adierazi duenez, gaur, besteak beste, aurten politikoki gertatu denaren eta EH Bilduk ikasturte politiko luze honetan egin ta lortutakoaren balantzea egin du ezker subiranistak.

“Oraindik amaitzeke dagoen hauteskunde-ziklo batean murgilduta gauden honetan, ikasturte honen balantzea oso ona da, bai gure alderdiaren barruan zein kanpora begira; ezarritako helburuak bete ditugula esan dezakegu", azpimarratu du Urruzunok. Adierazi duenez, ikasturte politiko hau ziklo politiko berri baten hasierak eta irekierak ezaugarritzen dute. "Horren erakusgarri dira Nafarroako udal, foru eta autonomia hauteskundeetan eta uztaileko hauteskunde orokorretan lortutako emaitzak; izan ere, Euskal Herriak hesia jarri zien berriro Espainiako eskuin muturreko alderdiei, eta, horrela, aukeraren leihoa irekita mantentzea lortu zuen".

"Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzen duen mobilizazio nazional arrakastatsu baten ondoren, eta Espainiako Estatuan lurralde-eztabaida ireki daitekeela ikusita, EH Bilduk ekitaldi politiko batekin itxi nahi du aurtengo urtea, abenduaren 17an, Bilbon, eta datorren urterako lan-oinarriak jarri", esan du Urruzunok. Era horretara, alderdi subiranistak bere militantziarekin urtero egiten dituen hiru mugarrien barruan kokatu du Bilboko ekitaldia.

Ekitaldi horretan, ikasturtearen balantzea egiteaz gainera, datorren urteko erronkak azaldu eta politikoki kokatuko dira horientzako testuinguru-irakurketak. "Jarduera eta lorpen politiko handiko urtea izan da, eta gure proiektu politikoa egitateekin eraikitzen jarraitzeko oinarriak komunitatean jarriko ditugu", amaitu du Mahai Politikoaren bozeramaileak.