Albisteak

EH Bilduk “ekintzak” eta ez “hitz hutsak” eskatu ditu De Miguel auzian azaldutako praktika ustelak desagerrarazteko


Larraitz Ugarte: "Benetan inork pentsa al dezake herri honetan urtetan funtzionatu duen trama batek, hainbat administraziotan modu irregularrean kontratuak esleitu eta esleipenengatik komisioak kobratu zituenak modu autonomoan funtzionatu zuela, inork horren berri izan gabe?"

EH Bildu | 2019-12-18 14:24:00

EH Bilduk "ekintzak" eskatu ditu, eta ez "hitz hutsak", Miguelen auzian egiaztatu diren praktika ustelak desagerrarazteko. Epaia aztertu ostean, EH Bilduk ondorioztatu du epaiak argi uzten duela trama ustel bat dagoela komisioak kobratzeko, kontratazio irregularrak egiteko eta EAJk kudeatutako administrazioek esleipen publikoak lortzeko. Hori dela eta, EH Bilduk "borondate politikoa" eskatu du praktika horiek desagerrarazteko, eta iragarri du datozen egunetan ekimenak berrartuko dituela Ustelkeriaren aurkako Bulego bat sortzeko proposatutako legearen tramitazioa bizkortu dadin. EH Bilduk berak proposatu zuen eta erabat geldirik dago ekimena Eusko Legebiltzarrean.

De Miguel auziko sententziaren inguruan balorazioa egiteko Larraitz Ugartek agerraldia egin du Gasteizen, Ibon San Saturnino, Eva Lopez de Arroyabe eta Mikel Otero legebiltzarkideekin batera. EH Bilduren Arabako koordinatzailea Ibon San Saturninok nabarmendu du lurralde osoari eragiten dion sare baten aurrean gaudela eta erakunde-maila guztiak inplikatuta daudela. “Egiaztatu da Arabako EAJren zuzendaritza politikoko hiru kidek sortu zutela elkarte ilizito bat eta Arabako lurraldean zehar gutxienez bost urtez garatu zuela bere jarduera ustela: Aiaraldeatik Errioxara eta Añanatik Lautadara eta erakunde-maila guztietan eragina izan zuela, Eusko Jaurlaritzatik udaletaraino, Arabako Foru Aldunditik kuadrilla guztietara”, zehaztu du San Saturninok.

EH Bilduk baztertu egin du "kontu partikular" baten aurrean gaudenik, eta nabarmendu du orain zigortutakoek delituak egin ahal izan zituztela orduan Urkullu buru zuen EAJk izendatu zituelako. "Orain Urkulluk eta Ortuzarrek barkamena eskatu diete herritarrei, erantzukizunak gainetik kentzeko asmoz. Ez omen zekiten ezer. Benetan inork pentsa al dezake herri honetan urtetan funtzionatu duen trama batek, hainbat administraziotan modu irregularrean kontratuak esleitu eta esleipenengatik komisioak kobratu zituenak (hozkadak) modu autonomoan funtzionatu zuela, inork horren berri izan gabe? ", galdetu du Larraitz Ugartek.

Ildo beretik, Arabako Koordinatzaileak gogoratu du sententziak Zanbranako blokean argi uzten duela De Miguel operazioan sartu zela Araba Buru Batzarreko aginduak jarraituz. “Nekez sinets daiteke dimentsio horietako trama bat oharkabean pasatuko denik alderdiaren kontrol mekanismoetatik, bere exekutibaren zati bat operazio horretan inplikatuta zegoenean”, nabarmendu du.

Hau guztia ikusita, EH Bilduk galdetzen du hau kasu isolatua den ala icebergaren punta. "Benetan kasu bakana zen?; benetan hau oasi bat al da Espainiako Estatuarekiko?, benetan ez al dira kasu gehiago sortu, ez al da egia hau icebergaren punta baino ez dela?”, galdetu du Ugartek.

Azkenik, EH Bilduk iragarri du epaia sakon aztertzen jarraituko duela, behar izanez gero, izan ditzakeen ondorio guztiak argitzeko beharrezkoak diren ekimenak abian jartzeko.