AKTUALITATEA

Ekonomia | 2022-06-17

Uztailaren 2an, Euskal Herria eta Katalunia lotuko ditu Gure Eskuk Kataluniako ANCrekin batera 300 gailur baino gehiago argiztatuz. Ekimena bide baten erakusle da: Testuinguru honetan non, Europaren gabezia politiko eta ekonomikoak agerian geratzen ari diren eta bere izaera eta etorkizunaren inguruko eztabaida parez pare izanik, argi esan beharra dugu, estaturik gabeko naziook ere, autodeterminazio eskubidea aitortzera bidean lanean jarraituko dugula.

 

Agirre eta Companys lehendakariek frankismoarengandik ihes egiteko erabilitako Pirinioen bidea irudikatuz, bi lehendakariek nola, oraindik bi herriek nor izateko, libre izateko, duten nahia azaleratu nahi du ekimenak. Halako ekimenen garrantzia azpimarratu beharrik ez dagoen arren, badakigu, nazio auzia, aitortzarik ez duten herrien etorkizuna erdigune politikoan kokatzeko eta bide beretik estatuko indar subiranista eta independentistekin elkarlana sustatzeko ezinbestekoak direla.

 

Auzi nazionala, estatuko lurralde ereduarena, momentuaren arabera indar gehiagoz edo gutxiagoz agertuko zaigun arren, une oro presente egon da eta egongo da. EH Bildurentzat estatus politikoaren gaineko eztabaida eta proposamenek gure jarduera politiko-instituzionalaren erdigunean egon daitezen lan egingo dugu, horretarako ezinbestekoa delarik kalean ere masa mobilizazioa aktibatzea, erabakitze eskubidearen eta autodeterminazioaren aldarria ahalik indar gehienez bistaratzeko.

 

Horregatik dei egiten dugu, inolako zalantzarik gabe, Gure Esku Dagok eta ANCk antolatutako egitasmoan parte hartzera. Higer Lurmuturretik Creusekora, 300 gailur baino gehiago argiztatuz, Euskal Herria eta Katalunia lotuko ditu Gure Eskuk Kataluniako ANCrekin batera uztailaren 2an burutuko duen ekimenaren bidez. Pirinioen Bide horretan euskal herritarrok 115 gailur argiztatuko ditugu, Jaizkibeletik Benasqueraino. Goazen denok beraz gailurretara, nor bere herrian, bere lagun eta auzokideekin batera, elkarrekin batu eta Euskal Herria eta Katalunia lotzen dituen bidea denon artean argiztatzera.

 

Euskal Herria gainerako europar nazioekin (Eskozia, Irlanda, Feroe irlak, Katalunia...) batera altxatu eta ahalegin kolektibo baten baitan, Nazioarteko Komunitateari herrien autodeterminaziorako eskubidearen errespetatzeko galdegin behar dio. Argiztatu ditzagun beraz Pirinioak, argiztatu ditzagun autodeterminazio eta askatasunerako bideak! Piztu dezagun Euskal Herria eta Katalunia autodeterminaziorako bidean gidatuko dituen argia. Gailurretan ikusiko dugu elkar!