AKTUALITATEA

| 2023-11-29

EH Bilduk Euskal Herriko Mugimendu Feministak -gehiengo sindikala eta zaintzaren alorreko hamarnaka elkarteekin batera- deitutako Greba Feminista Orokorrarekin bat egiten du. Gaur, gure kidego osoak greba egingo du eta kaleetan egongo gara, zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzeko. Aitortu eta eskertu egiten dugu gure herri antolakuntza feminista, eta markatzen ari diren bidea ezinbestekoa dela deritzogu.

Hori dela eta, gaur ez dugu Gasteizko zein Iruñeko parlamentuetako plenoetan parte hartuko, lege zehatz batzuen eztabaidarako nahitaezko presentzia bermatuko dugun arren. Gobernatzen dugun udaletako ohiko bilkurak ez dira egingo, eta beste hainbatetan gauza bera egitea eskatu badugu ere, EAJk zein PSEk ez dute eskaerarekin bat egin. Hori dela eta, tokian toki erantzun estrategia ezberdinak izango ditugu, ez parte hartzetik, gutxienezko presentziak edukitzera arte.

Gaur, herri bezala, eskaera argi bat utziko dugu mahai gainean: zaintzen krisiari aurre egiteko, denak garela beharrezko, eta alde bakarreko bideek ez dutela balio. Antolatuta eta proposamen konkretuak egiteko gaitasuna duen sektore anitzeko sarea da kalea hartuko duena eta bihar, orain arte egin bezala, herri erronka honi elkarrekin heltzeko konpromisoa erakutsiko du berriro ere EH Bilduk. Gure proposamen konkretuak eta lanketak eremu munizipalista, foral zein legebiltzarrekoan egiteaz gain, elkarrizketa espazio orotan eta elkar aitortzan lan egingo dugu.