AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-03-13

EH Bilduk bat egin du kultur munduko pertsona ezagunek Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Gazako genozidioa amaitzea eskatzeko deitutako manifestazioarekin. Ezker subiranistaren ustez, horrelako ekimenak inoiz baino beharrezkoagoak dira eta, beraz, ordezkaritza bat bidaliko du bertara. Donostiako kaleetan igandean egingo den mobilizazioan ezker subiranista ordezkatuko dute Pernando Barrenak, Nerea Kortajarenak, Arkaitz Rodriguezek, Diana Urreak, Oihana Etxebarrietak, Juan Karlos Izagirrek, Rebeka Uberak eta Lore Martinez Axpek.

EH Bilduk nabarmendu nahi du Palestinako herria defendatzen duten ekimen guztietan aktiboki parte hartzen jarraituko duela, ezin delako beste alde batera begiratu Gazan bizitzen ari den egoeraren aurrean. Manifestazioaren deitzaileen komunikatuak berak dioen bezala, ez dugu telebistako genozidio horretara ohitu nahi. Ezker subiranistaren ustez, Palestinako herriak bakean bizitzeko eskubidea du, legez kanpo okupatutako bere lurraldean. Hori dela eta, EH Bilduk, beste behin ere, dei egiten dio Nazioarteko Komunitateari presio mekanismoak ezar ditzan Israeli berehala su-etena ezar dezan, armen salmenta amaitzeko eta Nazioarteko Justizia Gortearen eta Nazio Batuen ebazpenak betetzeko.